
Nortegasen H2SAREA proiektua, MWCapital Awards sarietako finalisten artean aukeratua
Nortegasen H2SAREA proiektua aukeratu dute Mobile World Capital Barcelonak GSMA Foundry eta B Lab Spain-en lankidetzaz eratutako “MWCapital Awards: Technologies for a Sustainable Futur” delakoen lehen edizioko 17 finalisten artean. Sari-programa berri honek etorkizun jasangarri eta inklusiboagorako trantsizioa bultzatzeko teknologiaz baliatzen diren proiekturik berritzaileenak aitortzen ditu. Nazio Batuen Erakundearen 2030eko Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arabera, ekimenak sormena, berrikuntza eta inpaktu ukigarria aldarrikatzen ditu, eraldaketa digital arduratsu eta globala sustatuz.
Parte hartzeko deialdia martxoan itxi zen 34 herrialdetako 157 hautagaitza bilduz, gizarte zein ingurumen inpaktua duten soluzio teknologikoekiko mundu mailako interes handiaren seinale. Finalistak 11 herrialdetakoak dira, eta askotariko eragileak ordezkatzen dituzte: startupak, enpresak, erakunde publikoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta ikerketa-erakundeak edo erakunde akademikoak. Irabazleak ekainaren 12an emango dira ezagutzera Bartzelonako Torre Glòriesen egingo den ekitaldi batean.
H2SAREA proiektuaren barruan, beharrezko soluzio teknologikoak ikertu eta garatu nahi dira, gas naturalaren egungo sarean hidrogenoa eta gas naturalarekiko nahasketak modu seguruan banatu ahal izateko. Orain arte, arrakastaz lortu da hidrogenoa % 20an injektatzea, Nortegasek zerbitzutik kanpo dauden materialak eta osagaiak erabiliz egindako H2Loop ikerketa-plataforman. H2SAREA partzuergoak Nortegas, ABC Compressors, Erreka, Fidegas, H2Site eta Orkli ditu partaide, ZTBESeko kide diren Tecnalia, Hidrogenoaren Zentro Nazionala eta Ikerlanen lankidetzaz.
Iturria: Mobile World Capital Barcelona