Proiektuak

Proiektuak

Ekimenak garapen teknologikoan eta eredu energetiko eta ekonomikoaren aldaketan lagunduko du

Euskadin hidrogenoaren ekosistema SORTZEA
Lurraldeko ekonomia SUSPERTZEA

Egun, 52 proiektuk osatzen dute ekimena, 5 bertikaletan taldekatuta: 

01. Ekoizpena

Proiektuaren izenburua

BENORTH2: H2 berdearen Sorkuntza Instalazioa Amorebieta-Etxanoko CCGTren instalazioetan

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

BenortH2 proiektua Bizkaia Energiak Amorebieta-Etxanon dituen Ziklo Konbinatuko instalazioetan kokatuta dago, eta hidrogenoa elektrolizagailuen bidez ekoizten du, biltegiratu, konprimitu eta amaierako offtaker-ei banatzeko sistema barne.

Kontsumitutako elektrizitatea PPA birtual batez sarera hornitutako energia-iturri berriztagarriena izango da, eta sortutako hidrogeno berdea Ziklo Konbinatua deskarbonizatzeko erregaitzak erabiliko da gas naturalaren ordez, baita mugikortasunean eta tokiko industrian ere, erregai fosilen ordez.

Proiektuak hiru fase ditu:

- 1. fasea: 3.500 kg H2 biltegiratzeko gaitasuna duten elektrolizagailuak (5 MW), Ziklo Konbinatuko, industriako nahiz ibilgailu astunen flota pribatuetako kontsumoa estaltzeko.

- 2. fasea: Zikloa Konbinatuko kontsumoa areagotu eta inguruko beste bezero industrial batzuei zein mugikortasun arlokoei zerbitzua emateko elektrolizagailuak (15 MW).

- 3. fasea: Urtean beste erabilera batzuei eta esportazioei zuzendutako 16.000 tona hidrogeno berriztagarri inguru ekoizteko elektrolizagailuak, (200 MW).

Ondorengo fase hauetan, inguruko industriarekin lankidetzan jardutea aurreikusi da kontsumoa egokitu eta eskari berria sortzeko, eta garraio-floten nahiz ibilgailu berezien birmoldaketan laguntzeaz gain, hidrogenoa banatzeko azpiegitura berrietan inbertituko da, ibilgailuen birkargarako hidrogeno-hornitegiak, bezeroentzako entrega zuzenak edo birtualak, eta gas naturalarekiko blendinga banatzeko Nortegasen sareari lotutako duktua tarteko direla.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

HyValue-Gasteiz

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Logo HyValue

Arabako hiri-hondakinak Gasteizko (Jundiz) Tratamendu Mekaniko-Biologikoko (TMB) instalazioan bildu eta kudeatzen dira. Instalazio horretan hainbat zati birziklagarri bereizten dira (papera, plastikoak, metalak, brikak, etab.) eta egun zabortegian uzten den "errefusatze" frakzio bat sortzen da. HyValue-Gasteiz proiektuaren helburua hiri-hondakinetan ezin birzikla daitekeen zatiaren balorizazio materiala egitea da, industrian, etxebizitzetan, logistika sektorean nahiz mugikortasunaren arloan erabiltzeko moduko hidrogeno berriztagarria sortuz. Ekonomia zirkularraren ikuspegi horretatik abiatuta, soluzio bateratu eta jasangarria eman nahi zaie:

  •  Hondakinen kudeaketak eragindako ingurumen zein gizarte arloetako arazoei, zabortegietara bideratutako bolumenak murriztuz.
  • Hidrogenoaren ekonomiarako trantsizioa sustatuko da, deskarbonizazioan dituen inplikazioekin eta ekonomia zein industriaren gaineko trakzio-inpaktuarekin.
  • Kanpoko ekoizleekiko mendekotasun material eta energetikoa murriztuko da, tokian tokiko hidrogeno-ekoizpena sustatuz, lurraldean bertan erabilgarri dauden baliabideen bitartez (hondakinak).
  • Enplegu espezializatu, egonkor eta jasangarria sortuko da, hazkunde-aurreikuspen handiak dituen sektore honetan.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Sorkuntza-sistemak in situ ekoizteko proiektua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen bidez, purutasun handiko hidrogenoa in situ sortu eta bereizteko sistemen industrializazioa azkartu nahi da, 4 fasetan banatuta::

1)Paladioa oinarri duten mintzen ekoizpen-lerroaren industrializazioa.

2)Saiakuntza-eremua H2a sortu eta berreskuratzea xede duten sistemak baliozkotzeko egokitzea.

3)Hidrogenoaren sorkuntza-sistemaren diseinua gas naturala/biogasa oinarri duten elikatze-iturrietara egokituta garatu eta optimizatzea.

4)Banaketa-sareetan garraiatutako beste gas batzuekiko hidrogenoaren nahasketak bereizteko sistema diseinatu eta baliozkotzea.

Proiektuaren helburua mintzen ekoizpen-lerroaren eta purutasun handiko hidrogenoa in situ sortu eta bereizteko sistemen industrializazioa bultzatzea da, H2SITEren ekipoen merkaturatzea bizkortzeko asmoz.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Belaunaldi berriko elektrolizagailuaren garapena eta eskalatzea, oxido solidoaren teknologian oinarrituta

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen helburua, SOEC gelaxketan oinarritutako eraginkortasun eta iraunkortasun handiko hidrogeno berdea ekoizteko sistema integratua aztertu eta diseinatzea da.

Hainbat konfigurazio geometrikotan oinarritutako stack-ak garatuko dira, deskarbonizazioari eta hidrogeno berdea ekoizteko gaitasunari dagozkien Espainia zein Europa mailako helburuak lortzen lagunduko duten berariazko azpisistemak diseinatzeaz gain, eta horretarako, aintzakotzat hartuko dira diseinu-aldian industrializazioaren, eskalatzearen eta energia berriztagarriekin eta industria-prozesuekin integratzearen erronkak.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Udal hondakin solidoetatik ateratako biogasean oinarrituta Hidrogeno Berdea Ekoizteko Estrategia

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren xedea da instalazio pilotu bat eraikitzea gaur egun udal jatorriko hondakin organikoak tratatzeko instalazioan sortutako biogasa eraldatzeko.

Instalazioak ibilgailuetan erabiltzeko moduko ezaugarriak dituen H2a ekoiztuko da, bidaiarien garraio publikoan nahiz udal hondakin solidoen bilketan diharduten kamioietan erabili ahal izateko. H2aren ekoizpena hiriarteko 5 autobus eta hondakinak biltzeko 5 kamioi erregaiz hornitzeko bestekoa izango da.

Bertan, CO2a atzeman eta biltegiratzeko instalazioa egongo da, baita hidrogeno-hornitegia ere, autobus publikoak eta hondakinak biltzeko kamioiak erregaiz hornitzeko.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

10 MWeko elektrolizagailua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Petronor bere industria-konplexua eraldatzen ari da energia anizkoitzeko zentroak sortzeko, enpresaren karbono-aztarna eta eskualdeko beste industria-eragileena ere murrizteko moduko abangoardiako proiektuen bitartez.

Petronor 2050ean zero isurpen garbi lortzeko ezartzen ari den deskarbonizazio-teknologien eredu integratuak eraginkortasun handiagoa, isurpen txikiko energia sortzeko gaitasun handiagoa, karbono gutxiko erregaien ekoizpena, bezeroentzako soluzio berrien garapena, ekonomia zirkularra eta industriaren karbono-aztarna murrizteko proiektu berritzaileen sustapena ditu oinarri.

Hori dela eta, konpainiak 10 MWeko elektrolizagailua eraikiko du Bilboko portuan Enagasekin eta EVErekin batera. Gure konpainiak, % 100 berriztagarria den elektrizitatea erabiliz ekoiztutako hidrogenoz hornituko du zero isurpen garbiko erregai sintetikoen fabrikazioan jardungo duen munduko instalaziorik handienetakoa. Hidrogeno hau eta CO2a izango dira mugikortasunaren arloko edozein segmentutan erabili ahal izango diren erregai jasangarri horiek ekoizteko lehengai bakarrak.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Erregai sintetikoen DEMO instalazioa – Efuels

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

E-fuels proiektuaren bitartez, hidrogeno berriztagarria eta karbono dioxidoa (CO2) lehengaitzat erabiliz erregai sintetikoak ekoizteko eskalako demostrazio-instalazioa (8000 l/egun; 50bbd) diseinatu, eraiki eta baliozkotuko da. Proiektuak erregaien sintesi-prozesuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa frogatzeko aukera emango du Fischer Tropsch-en ibilbidearen bidez, eta egungo azpiegitura eta motorrekin bateragarriak diren erregaiak (e-gasolina, e-diesela, e-jeta) ekoiztuko dituen eskala horretako munduko lehen instalazioetako bat izango da (FOAK). E-fuels instalazioarekin batera, energia berriztagarriko parke batek elikatutako elektrolisi-instalazio bat ere sortuko da.

Proiektu hau da, hidrogeno berriztagarria eta atzitutako CO2a lehengaitzat hartuz eta Fischer Tropsch-en ibilbidearen laguntzaz, erregai sintetikoak ekoizteko beharrezkoak diren teknologia guztiak integratuko dituen demostrazio-eskalako lehen proiektuetako bat.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Elektrolizagailuen fabrika

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honetan, elektrolizagailuak (hidrogeno berriztagarria sortzeko funtsezko elementua) fabrikatzeko lantegia faseka ezartzea aurreikusi da, Espainian egun hidrogenoa ekoizteko dauden bitartekoak azkar ordezteko aukera emanez.

Proiektuak bi fase ditu:

1. fasea: Elektrolizagailu alkalinoa: elektrolizagailu alkalinoak ekoizteko 4.0 fabrikazio-gaitasunen belaunaldi berria, Espainiako industria-proiektuen lehen olatuari erantzuteko.

2. fasea: Belaunaldi berriko elektrolizagailuen fabrikazio eta garapena.

Espainiako merkatua bertan fabrikatutako elektrolizagailuen teknologia lehiakor batez hornitu eta honelako ekipoen eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izatea da proiektu honen helburua.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

H2 berriztagarriaren elektrolisi bidezko ekoizpena

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektuak Europako teknologian oinarritutako hidrogeno-industria lehiakorra zabaltzeko bidea erraztuko du, Hidrogenoaren Euskal Korridoreko industriagune garrantzitsuren batean 24 orduz funtzionatuko duen 100 MWeko elektrolisi alkalinoko instalazioa diseinatuz, eraikiz, eragiketan jarriz eta balioztatuz. Erabilera nagusia Bilboko findegiko kontsumoa izango da, egun sortzen den hidrogeno konbentzionalaren zati baten ordezko lehengaitzat baliatzeko.

Funtzionamendua bermatzeko, elektrizitate-sorkuntza fotovoltaikoaren 385 MW, sorkuntza eolikoaren 190 MW eta 73 MWeko bateria bat batera instalatzea aurreikusi da.

Proiektuak karbonoan intentsiboa den hidrogenoaren erabilera ordeztuko du, ingurumenaren gaineko berehalako inpaktua barne, eta horrekin batera, sektorea eraldatuko du, erregasi fosilekiko mendekotasuna murriztuz, eta merkatu berri baten sorrera sustatuko du, eskaintza eta eskaria handitzeko zirkulu bertutetsu bat aktibatuz. Ekoizpena handitu ahala, kostuak murriztuz joango dira, industriarekin zerikusirik ez duten amaierako beste erabilera batzuetara bideratzeko aukera emanez.

Proiektuaren liderra

02. Garraioa, Banaketa eta Biltegiratzea

Proiektuaren izenburua

OPTHYCS: Optic fibre-based hydrogen leak control systems

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Green2TSO-OPTHYCS proiektuaren helburua, ekoizpenetik biltegiratze eta banaketaraino, hidrogenoaren arloko aplikazioen segurtasun-maila handituko duten sentsoreen teknologia berri bat garatzea da, H2 purua erabiltzen duten azpiegitura berrietarako nahiz gas naturaleko berrerabilitako instalazio eta hodietarako, H2a ekoiztu, garraiatu eta biltegiratzeko prozesuak seguruak eta ekonomikoki bideragarriak izan daitezela lagunduz.

OPHTYCSren helburu orokorra, H2 purua zein gas naturalarekin nahastutakoa erabiliz egindako eragiketaren segurtasuna eta errentagarritasuna areagotzea da, zuntz optikoko sentsoreen teknologietan oinarritutako ihes-detektagailu jarraituak garatuz, urruneko kokapenetan zein in situ. Garatutako sentsore berri hauek lehendik zeuden instalazioetara eta azpiegitura berrietara egokitu ahal izango dira, eta ihes-motak eta iturriak arrisku, kokapen, inpaktu, larritasun zein mantentze-lan prediktiboen bitartez aurreikusteko aukeraren arabera aztertu eta sailkatu ahal izango dituzte. Sentsoreen teknologia hau hainbat erabilera-kasutan probatuko da, H2 purua zein gas naturalarekin nahastutakoa erabiliz, eta lortutako emaitzen laguntzaz, soluzioak segurtasunari, ingurumenari eta errentagarritasunari dagozkien irizpideetara egokitu ahal izango dira.

OPHTYCS proiektuak 3 kontzeptu-esparru ditu oinarri:

 A) Zutabe teknologikoak aztertu eta sentsoreen teknologia berria definitzea, hidrogeno-sentsorearen materialak, datuak eskuratzeko sistemak eta emaitzak interpretatzeko galdegaiak eta software-soluzioak zehaztuz.

B) Egoera kontrolatuetan frogatutako teknologia berrien gaitasunak eta fidagarritasuna egiaztatzeko erabilera-kasuak baliozkotzea, gas-sareak, HRS, CMS eta egungo putzuak barne hartuta.

C) Erabilera-kasuei dagozkien teknologien alderdiak, segurtasun eta ingurumen arloetako arriskuen ebaluazioa eta araudi-esparrua, eta eskalagarritasun zein errentagarritasunari buruzko azterlana barne.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Gas berriztagarrietarako balbulen diseinua eta industrializazioa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen bidez, AMPOk posizionamendu hobea lortu nahi du H2a presio altuko eta/edo tenperatura altuko zein baxuko baldintzetan manipulatzen den industrian, baita estankotasunaren nahiz eragiketaren konplexutasun kritikoa duten garraioan eta biltegiratzean ere. Hori guztia, AMPO partaide duen Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) proiektuaren barruan.

Proiektuan honako jardun-ildo hauek aurreikusi dira:

Hidrogeno gasaren presio altuko zerbitzurako balbulak diseinatu eta industrializatzea

Gas-hoditerian garraiatzeko balbulak garatzea, isurpen-maila arras baxuekin.

Sistemak hidrogeno-hornitegiak kargatzeko sisteman integratzea.

Biomasa zerbitzatzeko esku-balbulak edo balbula eragingarriak garatzea (ekonomia zirkularra).

Erregai sintetikoak (erregai berriztagarri berriak) zerbitzatzeko esku-balbulak edo balbula eragingarriak diseinatu eta garatzea.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Ibilgailu astunetarako H2 konprimitua garraiatu eta hornitzeko ekipoak diseinatu eta garatzea

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen helburua H2 berriztagarriaren garraio eta logistika prozesuen eraginkortasuna maximizatzea da: garraioaren edukiera handiagoa, H2 berriztagarriaren autonomia kontsumo-guneetan eta prozesu globalaren optimizazioa (ekoizpena ibilgailuetarako H2 berriztagarriaren eskarira egokitzea, ekoizpen-prozesuan gertatzen diren energia-galerak eta gainerako parametro tekniko-ekonomikoak minimizatuz).

Proiektua lau azpiproiektutan banatuta dago:

H2 bidezko erdi-atoia, “range extender” trakzio-buruetarako.

Mikro hidrogeno-honitegi mugikorra.

Edukiera handiko gasbide mugikorrak.

Hozteko ekipo elektrikoa duen erdi-atoi frigorifikoa, erregai-pilaz elikatua.

Proiektuaren izenburua

Gasbide birtualeko ingeniaritza zein ekoizpen arloetako gaitasunak handitzea

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen helburua H2aren dibisioaren ekoizpen-ahalmena handitzea da (konpresioa, H2aren biltegiratze mugikorra eta finkoa, eta hidrogeno-hornitegiak), prozesuen hazkunde, digitalizazio eta optimizazioaren bitartez eta inplikatutako dibisioen arteko (ingeniaritza, fabrikazioa, homologazioak eta mantentze-lanak) koordinazioa hobetuz.

Nagusiki mugikortasunera bideratuta dagoen arren, proiektuak hidrogeno berdearen beste erabilera batzuei ere eragingo die, eta CALVERAren H2aren arloko soluzio teknologiko guztien eraginkortasun tekniko-ekonomikoa hobetuko du, eskalako ekoizpen eta ekonomia optimizatuz (ekoizpen masiboa).

Proiektuaren helburuak lortzeko, hazkundea apurka-apurka eta programatuta egingo da, konpainiaren ordena sistemikoa errespetatuz eta dibisio bakoitzaren barruko zein dibisioen arteko komunikazioa, koordinazioa eta eragiketa maximizatuz.

Proiektuaren izenburua

H2aren kanalizazioa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Bizkaian hidrogenoaren banaketa kanalizatzeko azpiegituren proiektuari esker, modu eraginkorrean lotu ahal izango dira BH2Cren ekoizpen-guneak eta amaierako kontsumo-guneak, hidrogenoa banatzeko azpiegitura guztiak hutsetik egin beharrik gabe eta soilik behar-beharrezkoak direnak gauzatuz, bai erabilera jakin baterako, bai nahastuta garraiatuko duten egungo gas-sareetan sartzeko, eta horrela, hidrogenoa jatorri-bermeen salmentaren bidez monetizatzeko aukera sortuko da, mix energetikoan ahalik eta modurik lehiakorrenean posizionatzeaz gain.

Proiektu hau aitzindaria da Espainian, hidrogenoa banatzeko azpiegituraren garapenari dagokionez, eta Bizkaia deskarbonizazioaren erreferente bihurtuko du, estatu barruan zein nazioartean.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoak banaketa-sareetan duen portaeraren aztertzea

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

H2SAREA

Laborategi-mailako proiektu honen lehen fasean (I. fasea), hidrogenoak gas naturala banatzeko sareetan eta hainbat blending-proportzioren arabera duen portaera aztertuko da, hidrogenoaren ehunekoa % 5etik % 20ra aldatuz, eta bigarren fasean (II. fasea), % 100 hidrogenoa banatuko duen sare bateko portaera aztertuko da.

Plataforma berritzailea izango da hidrogenoa banatzeko azpiegituren garapenari dagokionez, baina horrez gain, hainbat elementu demostratzaile izango ditu hidrogeno-proportzio desberdinak dituen gas naturalaren blendingari buruzko ondorioak bistaratzeko eta bizitegi, industria zein mugikortasun arloetako erabilerarako hidrogeno-sareen portaera argitzeko.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

H2a gatz-barrunbeetan biltegiratzea

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honetan, hidrogenoa gatz-barrunbeetan biltegiratzeko proiektu pilotua diseinatu eta eraikitzeko ikerketa tekniko-ekonomikoa egingo da, hidrogeno berdearen ekoizpenaren zein kontsumoaren aldakortasuna malgutzeko sistematzat duen bideragarritasuna eta eskalagarritasuna zehaztu ahal izateko.

Horretarako, 3 urteko epea proposatu da ikerketa eta diseinua egiteko eta pilotuaren kokalekua hautatzeko (Ikerketa Fasea), eta fase honen emaitzak aldekoak baldin badira ikuspuntu tekniko-ekonomikotik, beste 2 urteko epea ezarriko da pilotua eraiki eta pilotua martxan jartzeko (Gauzatze Fasea). Azterketa-eremua Euskal-Kantauriar Arroan kokatuko da, honen egokitasuna bermatzen duten zenbait ezaugarrirengatik (adibidez, kostaldearekiko hurbiltasuna eta inguruan energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna).

Proiektuaren liderra

03. Industriaren arloko erabilera

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoa, fusioko eta tratamendu termikoko labeetarako erregai alternatiboa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honetan, lau metalurgia-labetarako hidrogeno/oxigeno nahasketetarako erregailuak diseinatu, fabrikatu eta modu industrialean probatuko dira, oxigenoa erregarritzat erabiliz altzairu eta aluminiorako labe industrialetan, eta prozesuaren 4.0 sentsorizazioan oinarritutako kontrol-prozesu adimenduna lortuz. Proiektu honen bidez, altzairugintza eta galdaketaren sektoreetan erabiltzen diren labe industrialak pixkana-pixkanaka deskarbonizatu nahi dira, eta forjaketa zein tratamendu termikoetako sektoreetan ere aplikatu ahal izango da. Mota honetako labeetan erregaitzat “hidrogeno berdea” baino ez erabiltzea da azken helburua.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoa, gas naturalaren ordezko energia siderurgian

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honetan, hidrogenoa gas naturalaren ordezko energiatzat erabiltzeko garapen teknologikoa gauzatuko da, metalgintzako zein ijezketako prozesu siderurgikoetako berotze-ekipoetarako (arku elektrikoko labea, birberotze-labea, koilara-berogailuak, isurketa-ontziko berogailuak, oxiebaketa), fabrikatutako altzairu tona bakoitzeko CO2 isurpen espezifikoak murrizteko asmoz.

Egun ez da hidrogenoa erabiltzen industria siderurgikoan, ez altzairugintzan, ezta ijezketan ere. Hortaz, proiektuak hainbat instalaziotan erabiltzearen bideragarritasuna aztertu eta dagozkion proiektu pilotu eta industrialak garatuko ditu, industriaren lehiakortasuna bermatu izan ahal izateko

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Energia elektriko berriztagarriaren horniduratik (panel fotovoltaikoak) abiatuta H2a sortzeko instalazioa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Uraren elektrolisirako instalazio fidagarri eta lehiakorra eraikitzea, ura H2 eta O2 elementuetan deskonposatu eta H2a atzitzeko eta, ondoren, H2a konprimitzeko, pieza sinterizatuen ekoizpen-prozesuan erabil ahal izatzeko.

Hidrogeno berriztagarria in situ eta energia fotovoltaikoaren bidez ekoiztu eta sinterizazioko ekoizpen-prozesuetarako beharrezko hidrogeno guztia hornitzeko gai den instalazio baten eraikuntzaren bideragarritasuna aztertuko du. Horrela, kanpoko hornidurarekiko eta ibilgailu bidezko garraioarekiko mendekotasuna deuseztatu eta ekoizpen-prozesuaren kostuak nahiz karbono-aztarna murriztuko dira.

Gainera, nabeko estalkietan dagoen instalazio fotovoltaikoa handituko da, % 100 berriztagarria den ekoizpena lortzeko asmoz.

Proiektuaren izenburua

FeXI proiektua - Celsa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

FeXI proiektuan, iturri berriztagarrietako energia eta hidrogeno berdea bektore nagusitzat erabiltzea planteatu da, industria-sektorearen deskarbonizazioa lortzeko. Proiektuak siderurgia-prozesuko kontsumo elektrikorako energiaren sorkuntzan eragindako zeharkako CO2 isurpenak murriztuko ditu, energia berriztagarriaren sorkuntzarekin ordeztuz.

Elektrolizagailu bat garatuko da, maila lokalean hidrogenoa eta oxigenoa batera ekoiztu ahal izateko, 40 MWeko potentzia instalatuarekin. Hidrogenoaren sorkuntza-prozesuan erabili beharreko energia jatorri berriztagarrietakoa baino ez da izango (50 MWeko eguzki-potentzia instalatua eta 100 MWeko potentzia eoliko instalatua), prozesu osoa berotegi-efektuko gasen isurpenik gabe egingo dela bermatuz.

Proiektuak elektrizitatea energia-iturri berriztagarrietatik sortzeko instalazioak sustatuko ditu, bereziki eguzki-teknologia fotovoltaikoa eta eolikoa ardatz dituztenak.

Proiektuaren liderra

04. Mugikortasunaren arloko erabilera

Proiektuaren izenburua

Gas-turbinetan erregai sintetikoaren erabilera baliozkotzea eta ezaugarritzea (ptL Power to Liquid)

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren helburua, Korridoreko beste elkartekide batzuen estrategiarekin lerrokatuta, erregai sintetikoaren erabilera gas-turbinetan baliozkotu eta ezaugarritzea da, aplikazio aeronautikoetan erabili ahal izateko. Erregai sintetikoak hidrogeno berdetik eta atzitutako CO2tik abiatuta sortuko dira ekoizpen-prozesuetan edo elektrizitatea sortzeko prozesuetan. Korridoreko elkartekideekin batera erregai sintetikoa lortu ondoren, ITP Aerok horren erabilera baliozkotuko du gas-turbinetan, egungo motor batean saiakuntzak eginez. Saiakuntza hauei esker, turbinako eragiketa ezaugarritu eta egiaztatu ahal izango da.

Gainera, saiakuntzek turbinaren irteerako gasak neurtzeko aukera emango dute, motor aeronautikoen propultsioan erregai sintetikoak erabiltzearen ingurumen arloko hobekuntzak alderatuz. Bestela esanda, proiektuak sektore aeronautikoaren deskarbonizazioan aurrera egiten lagunduko du hidrogenoaren erabileraren bitartez.

 

 
Logo CDTI     prtr PRTR 2eu

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Bidaiariak garraiatzeko hidrogeno bidezko trena

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen helburua isurpenik gabeko garraio-ibilgailuak garatzea da, garraio jasangarriaren egungo beharrei eta merkatuaren zero isurpeneko eskariari erantzunez eta deskarbonizazioaren helburuak aintzakotzat hartuz.

Horretarako, CAF Taldeak garapen hauek planteatu ditu:

1.Hidrogeno-piletan eta baterietan oinarritutako propultsio-sistemak.

2.Sistema horiekin funtziona dezaketen trenak.

Funtsean, CAFek garatuko dituen ibilgailuek hidrogenoa edo katenariatik jasotako elektrizitatea erabili ahal izango dute ohiko jardunerako (bi moduko trena). Planteamendu hau Hidrogenoaren Europako Estrategiarekin eta Espainiako hidrogenoaren ibilbide-orriaren helburuarekin lerrokatuta dago.

Proiektuaren izenburua

Hidrogeno bidezko autobusaren proiektua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

I+G arloko proiektu honen bidez, hidrogeno bidezko hiri barruko zein herriarteko autobusen garapen teknologikoa gauzatuko da, 2022/23an horrelako autobusak dituen flota bat abian jartzeko asmoz, % 100eko teknologia propioa duen balio-katearen ikuspegi integral batekin.

Teknologia garbi berriak garatuz eta mugikortasun/garraio jasangarria bultzatuz, klima-aldaketa arintzea, lurraldeko ekonomia eta lana garatzea eta enpresa berrien sorrera bultzatzea dira proiektuaren helburu nagusiak.

Proiektuak bi eragile nagusi ditu bidelagun: CAF Taldea eta MUBIL Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoz propultsatutako ibai-ontziaren proiektua (H2Ocean)

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Itsas-garraioaren sektoreak erabateko aldaketa izango du datozen hiru hamarkadetan karbonorik gabeko erregai eta energia-iturrien erabileraren eskutik, Nazioarteko Itsas Erakundearen Estrategian finkatutako helburua betetzeko: sektoreak eragindako negutegi-efektuko gasen guztizko isurpenak gutxienez % 50 murriztea 2050erako, 2008ko mailekin alderatuta. Trantsizio honetarako, garrantzi handi-handiko inbertsioak egin beharko dira azpiegituretan, erregai berriak ekoiztu eta banatzeko eta flota berri edo modernizatua lortzeko.

Proiektu hau norabide horretan egindako aurrerapenaren adibidea da, izan ere, H2 edo erregai sintetikoen bidez propultsatutako ibai-ontzi bat garatzea du helburu, Bilboko itsasadarrean zehar pertsonak edo salgaiak garraiatzeko nahiz aisialdi-jarduerak antolatzeko betiere erregaiahidrogenoan edo erregai sintetikoetan oinarritutako erregaia erabiltzen duten itsas-propultsiorako teknologia hibridoez hornituta.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Hidrogeno bidezko aldiriko eta eskualdeko trena garatzeko proiektua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen bitartez, elektrifikatutako trenbideetan zein elektrifikatu gabekoetan zehar zirkulatzeko gai den aldiri-eskualde motako tren duala garatu, fabrikatu eta baliozkotuko da, zero isurpen dituen garraiobidea eskainiz.

Horretarako, energia elektrikoa sortzeko moduko hidrogeno-pilak erabiltzen dituzten trenen plataforma berri bat garatuko da, katenariarik gabeko trenbideetan ere trenak argindarraz elikatu ahal izateko.

Horrela, trenak elektrifikatutako trenbideetan zein elektrifikatu gabekoetan zehar zirkulatu ahal izango dira, mugikortasun jasangarriaren erronkari erantzunez eta sektorearen CO2 isurpenen zati handi bat eragiten duten diesel bidezko trenak ordeztuz.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Hidrogeno bidezko autobusa garatzeko proiektua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Irizar Taldeak ibilbide luzeko ibilgailu-sorta bat lortzea da proiektu honen helburu nagusia, erregai-pilaren teknologia oinarritzat eta mugikortasun jasangarriaren ardatz estrategikotzat hartuta, honako betekizun hauen arabera:

-500 km-ko autonomia izatea.

-Erregaiaren horniketa gehienez 10 minututan egitea.

-Pisuan gerta daitekeen igoerak ez ditu zalantzan jarri behar konbustioko motorra duen ibilgailuaren ezaugarriak (bidaiari-kopurua eta zamategiaren edukiera).

Irizarrek erregaiz hornitutako autobus eta autokarrak nahiz autobus eta autokar hibrido eta elektrikoak garatzeko hainbat proiektutan lan egin izan du. Ondorioz, esperientzia zabala lortu du mugikortasun jasangarriarekin lotutako proiektuen ikerketan eta garapenean.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Bioerregaia (metanola) eraberritzeko proiektua

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Ontzigintza klima-aldaketaren arazoaren eragilea da, hein handi batean. 2007tik 2012ra bitartean, itsas-sektoreak 1.015 milioi tona CO2 askatu zituen batez beste, guztizko isurpenen % 3,1 alegia. Horri erantzuteko asmoz, proiektu honetan, H2 berdetik abiatuta eta bioerregaiak eraberrituz elektrizitatea ontzi barruan sortuko duen sistemaren lehen unitate komertziala diseinatu, fabrikatu, instalatu eta probatuko da, itsasontzietako sistema osagarriak nahiz propultso-sistemak elikatzeko erabilgarria izan dadin.

Sistema berritzaile honek bioalkoholen (bioetanola zein biometanola) presio altuko eraberritze autotermikoa du oinarri. Erabilitako katalizagailuak berritzaileak dira, baita erreaktorearen diseinua eta hidrogenoaren bereizketa ere, ekipoaren ontzi barruko egokitzapena eta konpaktazioa barne, itsasontzietan erabili ahal izateko.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Kokearen garraioan hidrogenoa erabiltzea

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen bidez, 40 tm-ko edukiera duen solteko gaien erdi-atoi estandar bat arrastaka eraman dezaketen 2 trakzio-bururen errepide bidezko garraioa deskarbonizatuko da.

Garraio-mota astuna eta errepidearen erabilera kontuan hartuta, apliakzio hau oso egokia da flotaren jabeen ikaskuntza-helburuak lortzeko eta erregai berri honen gizarte mailako zabalkundea eta ikusgarritasuna sustatzeko.

Ekoiztutako solteko gai solidoak itsas-espedizioaren aurreko biltegiratzea egingo zaien portu-instalazioetaraino garraiatuko dira, Petronorreko energia-konplexuko industria-instalazioetan zehar.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Arabako autobus-flotak

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Hidrogeno bidezko autobusen garapena erraztuko duen demostrazio eta saiakuntzarako egiazko ingurunea lortzearren eta Arabako Lurralde Historikoko garraioaren deskarbonizazioan aurrerapauso garrantzitsua ematearren, hidrogenoz propultsatutako autobus-flota bat hedatzea aurreikusten duen proiektua definitu da Arabako Foru Aldundiaren eskutik.

Proiektu honek egunero 190 kg-ko hidrogeno-kontsumoa izango duen hidrogeno bidezko autobus-flota ezartzea du helburu. Horretarako, hidrogenoz propultsatutako 2 autobus sartzea aurreikusi da Arabako Foru Aldundiaren zerbitzuen bitartez eskaintzen diren herriarteko ibilbideetan.

Martxan jarri nahi diren autobusek aurrekoek ez zuten berrikuntza teknologikoa dute bereizgarri: ibilgailuen trakziorako hidrogenoa erabiltzen dute; erregai-pilak, zehazkiago esanda.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Gipuzkoako autobus-flotak

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

MUBILen “Living Lab” deritzon lan-esparruari atxikitako proiektu estrategiko honen bidez, Lurraldebusekin batera, hidrogeno bidezko 5 autobuseko flota hedatu eta abiaraziko da, Lurraldebusek eskaintzen dituen zerbitzuek estalitako herriarteko eta ibilbide luzeko zenbait ibilbidetako egungo flota ordezkatzeko..

Lurraldebus Gipuzkoako lurralde osoa elkartu eta hiru euskal hiriburuekin lotzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriarteko autobus bidezko garraio-zerbitzu publikoa da. MUBIL fundazioa, aldiz, mugikortasun berrirako eta energia-biltegiratzeko estrategia hedatu eta Gipuzkoako enpresen Erreferentziako Zentroa eta Poloa kudeatzeaz arduratzen da.

Proiektuaren helburua lur gaineko ibilbide ertain/luzeko garraioa deskarbonizatzeko aurrerapauso garrantzitsua ematea da, hidrogeno bidezko autobusaren garapen teknologikoa errazteaz gain, lurraldeko enpresek merkatu berrietarako sarbidea izan dezaten, betiere merkatu horietako posizionamendu lehiakorrari eutsiz, lurraldean jarduera ekonomiko eta enplegu berrien sorrera sustatzearren.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Bizkaiko autobus-flotak

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Hidrogeno bidezko autobusen garapena erraztuko duen demostrazio eta saiakuntzarako egiazko ingurunea lortzearren eta Bizkaiko Lurralde Historikoko garraioaren deskarbonizazioan aurrerapauso garrantzitsua ematearren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko Bizkaibus zerbitzuaren kudeaketa-emakidetan hidrogenoz propultsatutako autobus-flota bat hedatzea aurreikusten duen proiektua definitu da.

Proiektu honek egunero 190 kg-ko hidrogeno-kontsumoa izango duen hidrogeno bidezko autobus-flota ezartzea du helburu. Horretarako, Bizkaibus zerbitzuaren kudeaketa-emakidetako hiriarteko ibilbideetan hidrogenoz propultsatutako 2 autobus sartzea aurreikusi da.

Martxan jarri nahi diren autobusek aurrekoek ez zuten berrikuntza teknologikoa dute bereizgarri: ibilgailuen trakziorako hidrogenoa erabiltzen dute; erregai-pilak, zehazkiago esanda.

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoaren erabilera Bilboko aireportuan

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektua gauzatzeko, hidrogenoz propultsatutako lurreko laguntza-ekipoak sartu behar dira arrapalan, eta egiazko eragiketa-baldintzen arabera abiarazi behar dituzte Handling konpainiek.

Hedatu beharreko H2 bidezko flota honela sailka daiteke:

-Ekipo erosi berriak

-Egun arrapalan dauden H2 bidezko propultsiorik gabeko ekipoak (diesela eta energia elektrikoa)

Flota berritzaile honen hedapenarekin batera, proiektuan egiazko funtzionamendu-baldintzetan monitorizazioa aurreikusi da, bidaiarientzako lehorreko laguntza-jardueraren barruan.

Proiektuaren izenburua

H2 ibilgailuak betetzeko saiakuntza-bankua eta kalibrazio-laborategia

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektuan, ikerketa arloan aldez aurretik egin beharreko azterketak eta kalkuluak egingo dira, eta presio altuko fase guztiak modu trinkoan bildu nahiz H2a konprimitzeko, biltegiratzeko eta hozteko eta ibilgailu arin (700 bar) eta astunetako (350 bar) deposituetara banatzeko gaitasuna duen saiakuntza-banku osoa fabrikatuko da.

Hauexek dira proiektuaren helburuak: eraginkortasuna hobetzea, energia-galerak gutxituz; estandarizazioa, eta kostuen murrizketa, egonkortasun ekonomikoa lortzearren.

Proiektuaren ondorioz sortuko den saiakuntza-bankua Abantoko Hidrogenoaren Parke Teknologikoan kokatuko da, eta zikloen optimizazioa eta hidrogeno-hornitegien estandarizazioa xede dituzten prozesuak aztertzeko egin beharreko laborategiko jardunarekin batera, bezeroei zuzendutako zerbitzuak eskainiko ditu.

Proiektuaren izenburua

Mugikortasunaren arloan H2a banatzeko logistika

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu hau, zerbitzuguneetan 2030era arte 30 hidrogeno-hornitegi instalatzea aurreikusi duen Repsolen estatu mailako plan estrategikoari atxikita dago.

Proiektu honen barruan, Repsolen plan estrategikoak Petronorreko industriagunean kamioiak kargatzeko banaketa-instalazio logistiko bat sortzea aurreikusi du, baita 3 hidrogeno-hornitegi Repsolen zerbitzuguneetan, eta BH2C proiektuari lotutako beste hidrogeno-hornitegi bat ere Abanto Parke Teknologikoan. Gainera, proiektuak laborategiko jarduna ere izango du, zikloen optimizazioa eta hidrogeno-hornitegien estandarizazioa xede dituzten prozesuak aztertzeko.

Proiektuaren liderra

05. Zeharkakoa

Proiektuaren izenburua

Living Lab – Abantoko Parke Teknologikoa

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Proiektu honen bidez, "Living Lab" bat sortuko da, hidrogenoak merkantzien distantzia luzeko zein hegazkin bidezko garraioari, merkataritza nahiz bizitegi arloetako eraikinetarako bero-sorkuntza eta kosorkuntzari eta beste hainbat sektoreri eskaintzen dizkien aukeren demostrazio eta garapeneko jarduerak egin ahal izateko. Zentroak industria-prozesuen eta mugikortasunaren deskarbonizazioan lagun dezaketen jarduerak izango ditu ardatz.

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoari buruzko ezagutza-gela

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

H2aren teknologia jasangarriei buruzko ezagutza-gela sortzea da proiektu honen helburu estrategikoa, prestakuntza, ikerketa, transferentzia zein sentsibilizazioaren arloetako erreferentea izan dadin, Hidrogenoaren Euskal Korridorean (BH2C, Basque Hydrogen Corridor) sortutako beharrei eta bertan inplikatuta dagoen industria-sarearen eskariari erantzuna emateaz gain.

Horrez gain, gelak helburu sozio-ekonomikoak ditu (adibidez, H2aren teknologia jasangarrietan oinarritutako industria-sare berri bat sortzen laguntzea), baita prestakuntza arlokoak (hidrogenoaren teknologietan trebatutako teknikariak kualifikatzea LHan, unibertsitatean, ikerketa-eremuan zein enpresako profesionalen artean), ikerketa arlokoak (hidrogenoaren eta honi lotutako teknologien arloko ezagutza teknologikoa sortu, koordinatu eta transferitzeko nodo bultzatzailetzat jardun dezan) eta sentsibilizazio arlokoak ere (hidrogenoaren erabilerarekin lotutako teknologiak eta zerbitzuak erabiltzeari dagozkion alderdi garrantzitsuenen inguruko informazioa eta ezagutza eskaintzea, kasu).

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Hidrogenoaren plataforma industriala - Klusterra

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Euskadiko Hidrogenoaren Foro Sektoriala Euskadiko Energia Klusterraren Hidrogenoaren Teknologien Lantaldearen ekimenetik abiatuta sortu da. Lantaldeak sei saio antolatu ditu 2020an hidrogenoaren ekonomiaren garapenari lotutako ehun bat euskal erakunderen parte-hartzeaz, eta sektorearen interkonexioa sustatu du, arlo desberdinei (sorkuntza, garraioa, banaketa, biltegiratzea eta erabilera) dagozkien hainbat ekimen abian jartzen laguntzeaz gain.

Hidrogenoaren Teknologien Lantaldeari esker, 2020an, enpresek, eragile zientifiko-teknologikoek eta erakunde publikoek elkarrekin definitu ahal izan dute hidrogenoaren teknologiak garatzeko euskal estrategia. Hauexek dira Estrategiaren bost helburu nagusiak:

1.Hidrogenoaren sorkuntzan, garraioan zein erabileran, Euskadiko sistema produktibo eta teknologikoarekiko sinergiak sustatzeko aukera gehien eskaintzen dituzten arloak hautatzea.

2.Euskaditik interes handiena duten ildo teknologikoak proposatzea datozen 5 urteetan garatzeko, ezagutzaren sorkuntzaren aurretiazko faseei dagozkienak (ikerketa industriala) zein garapen esperimentala ardatz dutenak.

3. uskadi hidrogenoaren ekonomian posizionatzeko interesgarriak izan daitezkeen zeharkako beste jarduera batzuk identifikatzea (adibidez, prestakuntza edo ekintzailetzaren bultzada).

4.Izaera estrategikoa duten ekimenak proposatzea, estrategian identifikatutako arlo garrantzitsuenen katalizatzaile eta bultzatzaile izan daitezen.

5.Epe laburrean interes handiena duten izaera estrategikoko I+G proiektuak abian jartzea erraztea.

Proiektuaren liderra

Proiektuaren izenburua

Industria, Zerbitzu eta Bizitegi sektoreen hidrogeno bidezko deskarbonizazioari buruzko azterlana eta analisia

Irakurri gehiago

Proiektuaren deskribapena

Industria, Zerbitzu eta Bizitegi sektoreen deskarbonizazioa erraztea xede duten ekintza-proposamenen dokumentua lantzea da proiektuaren helburua, hidrogenoa eta deribatuak ekoiztu, biltegiratu, garraiatu eta kontsumitzeko tokiko ekosistema sortzeko oinarritzat.

Hauexek dira proiektuaren helburuak:

• Euskadin dagoen hidrogenoaren eskari potentzialaren mapa egitea, industria-sektorearen kontsumo potentzialari eta horren erabileraren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoari arreta berezia emanez.

• Hidrogenoaren eskari potentzialaren mapari lotutako biltegiratze, garraio eta banaketa arloetako azpiegituren beharrizanak ebaluatzea.

• Aurrekoaren arabera, hidrogenoa deskarbonizazio-tresnatzat modu optimoan aprobetxatzeko ekintzak proposatzea.

Proiektuaren liderra