Jornada quemadores
Berriak

Hidrogeno-erregailuei buruzko jardunaldi teknikoak industriaren deskarbonizazioan aurrera egiteko industria eta euskal zentro teknologikoak garatzen ari diren soluzioak aztertu ditu

Azaroaren 28an, Hidrogenoaren Euskal Korridoreak hidrogeno-erregailuei buruzko jardunaldi teknikoa antolatu zuen BASQUENERGY Clusterrekin batera EICn. Hidrogeno-erregailuak funtsezko tresna dira industriaren deskarbonizaziorako; izan ere, bero-ahalmen handia aprobetxatzeko aukera ematen dute kontsumo-gunean, baina CO isuri gabe, zuzeneko elektrifikazioa bideragarria ez den sektoreetan isurpenak murrizten lagunduz. Jardunaldian, hidrogenoaren errekuntzarekin lotutako erronka teknologikoak aztertu ziren, baita industria eta zentro teknologikoak horien integrazioa errazteko garatzen ari diren soluzioak ere. Jardunaldiak 34 erakundetako 54 parte-hartzaile bildu zituen.

Basquenergy Clusterreko Marcos Suarezen irekieraren ondoren, Ikerlaneko Isabel Álavak gas naturalaren ordez H erabil daitekeen industria-berokuntzako prozesuen ikuspegi orokorra eman zuen, erregailuen arteko alderik nabarmenenak aipatuz eta industriarako H-ready soluzioak dituzten erregailuen fabrikatzaileei buruzko ikuspegia berrikusiz. Jarraian, Sarralleko Itsaso Auzmendi eta Nippon Gaseseko Joaquín de Diegok H2 & O2-Ready erregailuetan izandako garapenak aurkeztu zituzten, siderurgiaren sektorean izandako aplikazioaren adibide batzuk emanez.

Kafe-atsedenaldiaren ondoren, Jesus M. Puellesek ezagutzera eman zuen Wärtsilären Bermeoko lantegia, motorrei buruzko I+G ardatz duena eta hidrogeno, amoniako eta metanol bidezko motorren funtzionamendua baliozkotzeko erabiltzen dena. Iñigo Bejarrek industrien deskarbonizazioan laguntzeko hidrogenorako erregailu eta errekuntza-sistemen diseinu eta fabrikazioan diharduen E&M Combustionen jarduera azaldu zuen. Azkenik, Boscheko Mª Goretti Ganzok labur-labur ezagutarazi zituen konpainia honek hidrogenoaren kate osorako garatutako soluzio teknologikoak, ekoizpena, biltegiratzea, banaketa eta amaierako erabilera barne hartuta, hidrogenoa galdaretan erregaitzat erabiltzeari arreta emanez.

Jardunaldiaren ondoren, B2B bilera-saioa antolatu zen, bertaratutakoei hizlariekin bildu eta sinergiak nahiz balizko lankidetzak bilatzeko aukera eskaintzearren.

Iturria: Basquenergy Cluster

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut