Encuentro Vertical en MUBIL
Berriak

MUBILek BH2Cren Mugikortasunaren arloko Erabilerako Bertikalaren VI. Topaketa hartu du bere instalazioetan, eta erregai-pilaren, trakzio elektrikoaren eta baterien laborategiak erakutsi ditu

Urriaren 15ean, asteazkena, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Mugikortasun arloko Erabilerako Bertikalaren VI. Topaketa egin zen MUBILek Eskuzaitzetan (Gipuzkoa) dituen instalazio berrietan. EEE eta REPSOL buru dituen bertikalak honen partaide diren 18 erakunderen 26 ordezkari bildu zituen.

Jardunaldiari hasiera emanez, EEEko Monica Diazek bertikaleko proiektu eta ekimenen egungo egoera aurkeztu zuen, baita azken hilabeteotan hidrogeno berriztagarriko mugikortasunaren inguruan izandako erregulazio arloko alderdirik garrantzitsuenak ere. Jarraian, IBIL H2ko Miguel Palaciok H2 berdea banatzeko Abantoko zentro logistikoan egindako aurrerapenak azaldu zituen. Obrak martxan daude dagoeneko, eta 2026ko irailean abian jarri eta lehen hornidura egitea aurreikusi da. Zentro honek MEGCak hornituko ditu, eta hauek hainbat gune kritikota hornituko dituzte, 2026aren amaierarako ere aurreikusita dagoen Bilboko aireportuko hidrogeno-hornitegia kasu, ibilgailu eta kamioiei hidrogeno berdea banatzeaz gain. Gainera, zentro logistikoa osatzen den bitartean, Calvera Hydrogenen hidrogeno-hornitegi eramangarri bat instalatu da lursail berean, eta honi esker, Petronorren findegian kokatutako 2,5 MWeko elektrolizagailuan ekoizten ari den H2 erabili ahal izango da linea operatiboetako autobusetan egiazko probak hasi ahal izateko.

Ondoren, José Molinerok KINERGY FUEL CELL aurkeztu zuen, diseinu propioko plaka bipolarren fabrikazioan, kontrol modular eta eskalagarriko software baten garapenean eta hidrogenozko erregai-piletarako BoP sistemen diseinuan espezializatutako startup teknologikoa. Egoitza Bilbon duen enpresa honek PEM sistema osoen lehen euskal garatzailea izatea du helburu.

Kafe-atsedenaldiaren ondoren, EIT Urban Mobilityko Andrea Costak hiri-mugikortasunaren arloan produktu berritzaileak merkaturatu nahian dabiltzan Europako enpresentzako inbertsio-estrategiei buruz hitz egin zuen. Andreak EIT Urban Mobilityren finantzaketarekin garatutako hidrogeno arloko zenbait proiektu azaldu zituen, hiri-hornidurarako nahiz hiri-autobusen edo trenen hornidurarako soluzioak barne, besteak beste.

Azkenik, Igor Villarrealek MUBILen helburuak aurkeztu eta hidrogenozko ibilgailuen alde egin duen apustua argitu zuen. Horrez gain, Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren arloko Europa mailako eragile garrantzitsutzat sustatzen eta finkatzen jarraitzeko dituen planak aipatu zituen. Hitzaldien ondoren, bertaratutakoek erregai-pilen nahiz trakzio elektrikoaren teknologiak eta energia biltegiratzeko sistemak probatzeko laborategiak bisitatu ahal izan zituzten.

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut