
MUBIL Centerrek ateak ireki ditu Eskuzaitzetan Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarria bultzatzeko
MUBIL Centerrek ofizialki inauguratu ditu Eskuzaitzetako instalazioak (Donostia), eta Gipuzkoa eta Euskadi erreferente bihurtu ditu Europan mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan. Ekitaldiaren buru Imanol Pradales Lehendakaria izan da, eta harekin batera izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Igor Villarreal MUBIL Fundazioko zuzendari nagusia. Topaketan Gipuzkoako eta Euskadiko ordezkaritza instituzional nabarmena bildu da, bai eta mugikortasunaren sektoreko eragile nagusiak ere, enpresak, enpresa-elkarteak, unibertsitateak eta erreferentziazko zentro teknologikoak barne.
Jardunaldia MUBIL Centerren garrantzi estrategikoari balioa eman dion ekitaldi instituzional batekin hasi da, eta, ondoren, ibilbide gidatu bat egin da. Ibilbide horretan, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu dituzte laborategien funtzionamendua eta zentroaren gaitasun paregabeak. Eskuzaitzetako (Donostia) 48.000m2-ko lursailak MUBILen mugikortasun ekosistemaren zati bat hartuko du. Azalera horretatik, 9.700 m2 MUBIL Center puntako azpiegitura teknologikoa eraikitzeko erabili dira. 25 milioi euroko inbertsioarekin, mugikortasun soluzio aurreratuen garapena, balidazioa eta ziurtapena bultzatzeko diseinatu da azpiegitura hori.
Instalazioak hiru entsegu-laborategi ditu, eta, MUBIL Centerren inguruan sortutako ekosistemarekin batera, Europan bakarra den ezagutzaren eta testatzeko eta berritzeko gaitasunen kontzentrazioa biltzen du. Horietako bat da hidrogeno-pilen laborategia, hidrogenotik abiatuta elektrizitatea sortzeko sistemak probatzeko eta balioztatzeko azpiegitura. MUBIL Centerrek, halaber, biltegiratze elektrikoko laborategia eta trakzio elektrikoko laborategia izango ditu. Bisitan, bertaratutakoek laborategi horien jarduera ezagutu ahal izan dute, lurraldearentzako berrikuntza-motor estrategiko gisa eratzen den zentro baten gaitasun teknologikoak agerian utziz.
MUBIL berrikuntza irekiko ekosistematzat eratzen da, eta lankidetzako ingurune bat eskaintzen du startup-ak, ETEak eta konpainia handiak mugikortasun adimendun eta jasangarriko irtenbideen garapenean bultzatzeko. Instalazio horietan honako enpresa hauek egongo dira: Battera, Lazpiur, NX, Wattson, Battbelt, Veltium, AVL, Novac, MUBIL bera, bai eta Cidetec eta EPower Labs kudeatzaile teknologikoak ere, eta 80 profesionalez osatutako talde bat bilduko da bertan lan egiteko. Gainera, Vicomtech, Cidetec eta Tecnalia zentro teknologikoetako mugikortasuneko I+G unitateak ere Eskuzaitzetara lekualdatuko dira, eta, horrela, indartu egingo da Gipuzkoak mugikortasunaren arloko gaitasun teknologikoetan eta berrikuntzan Europako erreferente gisa duen posizioa.
Iturria: Irekia