
Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusia, Europako Energia Agentzien Elkarteko presidenteorde berria
FEDARENEren (Eskualdeko Energia Agentzien Europako Federazioa) Batzar Orokorrak datozen hiru urteetarako presidenteorde izendatu du Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia. Mikel Amundarainen hautagaitza gehiengoz aukeratu dute FEDARENE osatzen duten 80 agentzien ordezkariek, trantsizio energetikoak industria-sektoreari eta azpiegiturei ekarriko dizkien lehiakortasunaren arloko aukerak nabarmendu dituen ikuspegi batez.
EEEren gaitasun tekniko guztia Europako lurralde-agentzien esku utziz, FEDARENEko presidenteorde berriak aintzakotzat hartu du posizionamendu horrek “Euskadiren nazioarteko presentzia indartzeko eta gai estrategikoetan Europako Batzordearekiko zuzeneko elkarrizketan irabazteko” dakarren aukera. Mikel Amundarainek beren-beregi baloratu du izendapena, bereziki egungo testuinguruagatik, “nazioarteko ingurune gero eta ezegonkor eta zalantzazkoagoan, gero eta erregionalizazio handiagokoan. Gure ustez, Europa indartsu egoteak Euskadi sendoagoa izaten lagunduko du trantsizio energetikoaren arloan eta gure industriaren lehiakortasunari dagokionez”.
FEDARENE Europako eskualde mailako energia-agentzien elkartea da, eta Europar Batasuneko 24 herrialdetako 80 bazkide ditu. EEE izan zen 1990ean FEDARENE sortu zuten Europako eskualde eta probintzia mailako gobernuen 6 energia-agentzietako bat, agentzia eta eskualdeen arteko lankidetza eta esperientzia-trukea sustatu eta bultzatzeko asmoz, eskualdeetako energia-politikak Europako erakundeen aurrean ordezkatu eta defendatzeaz gain.
Iturria: EEE