tercera promoción
Berriak

Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate-arteko Masterrak hidrogenoaren arloko profesionalen belaunaldi berri bat ospatu du diplomak banatuz

Hidrogenoaren Teknologiei buruzko Unibertsitate-arteko Etengabeko Prestakuntzarako Masterraren (HTUM) III. edizioa amaitu da, eta 32 ikaslek jaso dute diploma. Bilbo, Bartzelona, Tarragona eta Zaragozako egoitzetan, dagoeneko 200 ikasle inguru espezializatu dira energia-trantsizioan funtsezkoa den energia-iturri horretan, Espainian aitzindaria den master hau ematen hasi zenetik.

José María Canales Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasle-ikertzaile eta masterreko Batzorde Akademikoaren ordezkariak, adierazi duenez, “prestakuntza haui oso indartsu sartu zen, eta ikasleen nahiz enpresen aldetik jaso dugun balorazioa oso positiboa izan da”. Horrekin batera, beren-beregi nabarmendu du hidrogenoa bektore energetiko berritzat garatuko duten teknologiei buruzko master honek eskaintzen duen “ikuspegi orokor eta zehatza”.

Edizio honetako ikasle guztiek sektoreko hainbat enpresa edo eragilerekin lankidetzan egin dute Master Amaierako Lana (MAL), eta gai hauek jorratu dituzte, besteak beste: 100 MWeko instalazio elektrolizatzaile bat ezartzearen bideragarritasuna, hidrogeno-gasa pilatzeko biltegi baten diseinua eta hidrogeno-tren baten ingurumen-inpaktua. Hirugarren edizio honetan aurkeztutako MAL guztien artean, Andrés Molina Villamilek egindakoa izan da irabazlea, hidrogeno-hodi bidezko garraioko elementuen osotasuna kudeatzearen erronkei buruzkoa, alegia. Bestalde, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Saria, espediente akademikorik onenarena, Ekhi Díaz de Corcuera Muguerza Bilboko egoitzako ikasleari eman zaio, eta jasotako aintzatespenarekin batera, bidaia bat egingo du gastu guztiak ordainduta eta hitzaldietarako sarrera-txartela barne, 2025eko urriaren 21etik 23ra bitartean Hanburgon egingo den Hydrogen and Carbon Capture Technology Expo delakora joateko.

HTUM 5 unibertsitateren arteko lankidetzaren emaitza da; hauek dira: Mondragon Unibertsitatea, Universitat Politècnica de Catalunya, Universitat Rovira i Virgili, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Zaragozako Unibertsitatea. Horrez gain, 6 prestakuntza eta ikerkuntza-zentro hauek aritu dira laguntzaile: Somorrostroko LHko Zentro Integratua, Comte de Rius LHko Zentroa, Institut Escola del Treball, Pirámide LHko Zentro Publiko Integratua, Hidrógeno Aragón Fundazioa eta Industria Antolakuntzako Eskola. Industrian hidrogenoaren teknologien garapena sustatzea da horiek guztiek bat egitearen helburua, eta, ildo horretan, beharrezkoa izango da unibertsitatean prestatutako ingeniaritza-profilen eta lanbide-heziketatik datozenen arteko oreka.

Iturria: Mondragon Unibertsitatea

 

tercera promoción

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut