Hidrogenoaren Euskal Korridorea eta EIC Fukushimako ordezkaritza batekin bildu dira
Fukushimako (Japonia) Prefekturaren Batzarreko ordezkaritza batek Euskadi bisitatu du astebetez, SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak antolatutako misio instituzionalaren barruan. Ordezkaritzak Abanto Campusean kokatutako Energy Intelligence Center (EIC) bisitatu eta Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) ezagutzeko aukera izan du.
Bisitan, ordezkaritza EICra joan zen, eta hango zuzendari Joseba Garcíak egin zion harrera, hidrogenoarekin lotutako proiektuak garatzeko zentroaren estrategia aurkeztuz. Bertan izan ziren, halaber, Petronor/Repsoleko Asier Madariaga, BH2Cren helburuak eta ekimenak azaltzeko, eta Arturo Fernandez, Petronor/Repsolek bultzatutako hidrogenoaren ekosistemak eta proiektuak zehazteko, hidrogeno berriztagarrian izandako aurrerapen industrial eta teknologikoak eta trantsizio energetikoan duten garrantzia aztertuz.
Topaketaren helburua izan da bi eskualdeen arteko lankidetza ekonomikoan, industrialean eta teknologikoan aurrera egitea, eta 2026ko urtarrilerako aurreikusitako Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU) berritzeko edukiak lantzea. Fukushimako ordezkaritzak garapen industrialari eta teknologikoari lotutako euskal ekosistemaren ekimen trakziogileak ezagutzeko aukera ere izan zuen, baita startup eta enpresa industrialen arteko BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataforma ere. Era berean, SPRIk eta BASQUENERGY Clusterrek Net Zero Basque Super Clusterraren lan-ildoak azaldu zituzten hidrogenoa, energia berriztagarriak eta net-zero teknologiak ardatz dituzten proiektuetan.
Iturria: SPRI