
H2SITE partaide duen Ammogen proiektuak "Innovation of the Year" saria jaso du UK Green Business Awards 2025 delakoetan
H2Site partaide duen Ammogen proiektuak “Urteko Berrikuntza” saria jaso du UK Green Business Awards 2025 delakoetan. Amoniakoa hidrogeno bihurtzeko munduko unitaterik handi eta eraginkorrena diseinatu, eraiki, abiarazi eta eragiketan mantentzea da Ammogen proiektuaren helburua. Partzuergoaren barruan daude, besteak beste, Equans UK & Ireland, Gemserv, Talan Company | B Corp Certified, Tyseley Energy Park, University of Birmingham eta Yara International.
Hidrogenoa oinarri duen etorkizuneko energia-sistema batek bildu beharreko segurtasuna eta malgutasuna eskaintzeko, proiektuak erronka hauei heldu die: hidrogenoaren sorkuntza errentagarria; energia-kantitate handien biltegiratze eraginkorra, banaketa egiteko moduko formatuan; eta, bideragarria denean, amoniakoa energia-dentsitate handiko hidrogenoaren eramailetzat erabiltzea. Horrez gain, teknologia honen mesedeko politika berriak sustatu nahi ditu Erresuma Batuko gobernuan, hidrogenoaren arloan ere herrialdearentzako aukerak gauzatuz.
Proiektuak amoniakoaren krakeo endotermikoko teknologia berritzailea erabiltzen du H2Sitek garatutako paladio-mintzezko erreaktore batean, eta horrek eraginkortasun handia eskaintzen du bihurketa-prozesuan, baita hainbat aplikaziotan erabiltzeko egokia den hidrogenoa ere. Teknologia horrek karbono gutxiko hidrogeno errentagarria ematen du, arras egokia Erresuma Batuko gas-sarean txertatzeko nahiz ibilgailuak hornitzeko. Amoniakoa bihurtu, berreskuratu eta garbitzeko prozesua unitate bakar batean integratuz lortu da kostua murriztu eta prozesuaren eraginkortasuna areagotzea. Hartara, Ammogenek eguneko 200 kg hidrogenoa hornituko dizkio Tyseley Energy Parken (TEP) kokatutako hidrogeno-hornitegiari.
Iturria: H2Site