
H2SITE eta Tecnalia Europako HERMES proiektuan parte hartzen ari dira hidrogenoa purifikatzeko teknologiak garatzeko
H2SITEk eta Tecnaliak elkarlanean dihardute Europako beste bost erakunderekin batera, Europar Batasunak Horizon Europe programaren barruan finantzatutako HERMES (“Demonstration of hydrogen purification and separation systems for renewable hydrogen-containing streams in industrial applications”) delako proiektuan.
Purifikazioaren eraginkortasunean jauzi kuantikoa lortzea da proiektuaren helburu nagusia, eta horretarako, bi mintz-teknologia berritzaile erabiltzea proposatzen du: paladioan oinarritutako mintzak eta karbono-galbahe molekularreko mintzak (CMS). Bi prototipo garatu eta probatuko dira hainbat industria-gunetan, hidrogeno-eduki aldakorra duten gas-korronteetatik egunean purutasun handiko 100 kg hidrogeno bereizteko diseinatuta. Prototipo bakoitzean bi mintz-motak probatuko dira.
H2SITE buru duen HERMES partzuergoak 4 herrialdetako 7 bazkide ditu, ikerketa-zentroak, unibertsitateak eta industria-eragileak barne hartuta, eta elkarrekin lan egiten dute hidrogeno-soluzio garbiak eta deszentralizatuak sustatzeko. Hauexek dira bazkideak H2SITE, Tecnalia, Eindhoven University of Technology, Fondazione Bruno Kessler, INTRACT, SNAM eta TUPRAS.
Bestalde, H2SITEk Europa mailako partzuergoa sortzeko planak iragarri ditu, itsas-sektorea deskarbonizatzea xede duen proiektu baten buru izateko asmoz. Horretarako, euskal start up-a gutxienez 5.000 GTeko ontzi bat eta 5 MWeko behar energetikoak dituen armadore baten bila dabil, amoniakoa erregaitzat darabilen energia garbiko sistema berritzaile baten demostratzaile teknologikoa izan dadin. Proiektua 2026ko ekainean hasiko da, 11,25 milioi euroko guztizko aurrekontuarekin.
