EIDAR
Berriak

Edair Technologies, aireko garraioa deskarbonizatzea xede duen PHIADI proiektuko partaide

Gutmar eta INNengine enpresekin batera Edair Technologies (Edairtec) partaide duen PHIADI proiektuak (Innovative, Advanced and Intelligent Hydrogen Propulsion) aireko garraioa deskarbonizatzea du helburu, INNenginek garatutako denbora bakarreko motor berritzailea erregai-pila batekin konbinatzen duen sistema baten bidez. Multzo osoa Edairtec enpresak diseinatutako energia-kudeaketarako sistemak gobernatzen du. Teknologia hibrido horrek TRL4 heldutasun-maila lortu du, 19 bidaiari eta 8,5 tonarainoko (CS23) aireontzietan ezartzeko xedez.

PHIADIren partzuergoak planteatutako teknologiak azken belaunaldiko metaketa eta kudeaketa sistema behar du. Aireontzi bat elektrifikatzeko, mikro-sare elektriko isolatu bat planteatu behar da, propultsio klasikoko aireontzi batena baino askoz ere konplexuagoa. Hori dela eta, Edairtecek metatze-sistema bat prestatu du, une oro behar den karga elektrikoa ziurtatu ahal izateko, eta bateriak, ultrakondentsadoreak eta hidrogenozko erregai-pila bat ditu. Edairtecek diseinatutako multzoa Potentzia Modulu Adimendunen (IPM) bidez kontrolatzen da. Diseinuaren modulartasunaren bitartez, PHIADI aireontzi-mota desberdinetara egokitzea lortu nahi da, instalazioaren tamaina eta/edo pisua kolokan jarri gabe. Sistema nukleo anitzeko ikuspegia duen kontrolagailu baten bidez birkonfigura daiteke, eta modulu guztiei eragin diezaieke modu independentean.

Partzuergoak saiakuntza ugari egin ditu CTAren Arabako instalazioetan. Saiakuntza-bankuak PHIADIren funtsezko osagaiak biltzen ditu, baita simulazio eta monitorizazio sistemak ere. XPlan simulazioen bidez, PHIADI egiazko hegaldi-baldintzetan probatu ahal izan da. Saiakuntza horietatik, energia-fluxuaren portaerari buruzko datu positiboak lortu dira. Era berean, balio handiko datuak bildu ditu INNEngine motorraren kontsumoari buruz hidrogeno eta gasolinazko nahasketa batekin lan egiten duenean. Azkenik, bateriek, ultrakondentsadoreek eta bihurgailuek osatutako energia-biltegiratze eta kontsumo sistema balioztatu da.

Proiektua CDTIk eta Europar Batasuneko Next Generation EU funtsek finantzatu dute eta 1.591.345,21 euroko aurrekontua du, 16 hilabete inguruko iraupenarekin.

Iturria: Edair Technologies

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut