BH2Cren T&D eta Biltegiratzeko Bertikalaren VI. Topaketak lankidetza bidezko hiru euskal ikerketa-proiektu izan ditu hizpide
Urriaren 17an, ostirala, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen T&D eta Biltegiratzeko Bertikalaren VI. Topaketa egin zen EICn (Energy Intelligence Center. NORTEGAS buru duen bertikalak honen partaide diren 19 erakunderen 34 ordezkari bildu zituen.
Jardunaldiari hasiera emanez, NORTEGASeko Izaskun Gorostiagak bertikaleko proiektu eta ekimenen egungo egoera aurkeztu zuen, baita azken hilabeteotan hidrogenoaren garraio eta banaketaren inguruan izandako erregulazio arloko alderdirik garrantzitsuenak ere. Jarraian, NORTEGASeko Daniel Cuadradok hidrogeno purua banatzeko sare berriak hedatzea xede duen H2BIDEA proiektuaren helburuak azaldu zituen. Ekimen honen barruan, hidrogeno-haranen ereduak garatu, hainbat materialek hidrogenoaren presentzian duten portaera ikertu eta hidrogenoa % 100ean eta 30 bar-eko presioan probatzeko loop bat eraikiko da Abantoko Parke Teknologikoan.
Kafe-atsedenaldiaren ondoren, MONDRAGON UNIBERTSITATEKO Gurutze Arruebarrenak hidrogenoarekiko kontaktuan lan egiteko material metalikoak ekoitzi eta karakterizatzeko ezagutza, gaitasun eta metodologia sendoak garatzea helburu duen H2MAT+ proiektuaren azken aurrerapenak eta emaitzak partekatu zituen. Partzuergoak material horiek ikertzen jarraitzea eta horien fragilizazioa minimizatzen lagunduko duten soluzioak garatzea espero du.
Azkenik, TEAMeko Iñigo Santamariak gatz-barrunbeetan hidrogenoa lurpean biltegiratzeko soluzioak garatzea xede duen H2SALT proiektua aurkeztu zuen. Ekimen honen bidez, hobeto ulertu nahi dira gatz-formazioen ezaugarriak, baita horietan hidrogenoa biltegiratzeko eskakizun mekanikoak eta diseinu arlokoak ere. Saiakuntza esperimentalak amaitu ondoren, proiektuko bazkideek eredu tekno-ekonomikoa landu eta haitzuloaren, injekzio eta erauzketa sistemen eta sistema osagarrien diseinu kontzeptualak garatuko dituzte.