Webinar
Berriak

BH2Ck eta BASQUENERGY Clusterrek topaketa zientifiko-teknologikoa antolatu dute Euskadi eta Kataluniako hidrogeno berdearen I+G ekosistemen arteko lotura sustatzeko

 

BASQUENERGY Clusterrek eta BH2Ck, H2CAT eta FI Group-en lankidetzaz, topaketa zientifiko-teknologikoa antolatu zuten irailaren 26an I+G arloko eragileak eta interes bereko proiektuak konektatzeko, sinergiak identifikatu eta elkarrekin proiektuetan parte hartzea ahalbidetuko dituzten lankidetzetarako abiapuntua finkatzearren. Ekitaldian, Euskadi eta Kataluniako I+Gko eta enpresa-esparruko 85 eragilek eztabaidan jardun zuten elektrolisian, lurpeko biltegiratzean nahiz erregai sintetikoetan bi eskualdeetan izandako aurrerapen eta erronka teknologikoei buruz.

Topaketaren lehenengo blokean, Euskadi eta Kataluniako ordezkariek bi eskualdeetako hidrogeno-teknologien ikerketa eta garapenaren inguruko garrantzizko gaitasunak eta esperientziak azaldu zituzten. Gainera, FI Groupek hidrogeno eta erregai deribatuen proiektuetarako finantzaketa-programak aztertu zituen.

Bigarren blokean, parte-hartzaileak hiru aretotan banatu ziren, eta horietan, zortzi ikerketa-proiektu aurkeztu ziren guztira hiru gai nagusiren inguruan: elektrolisia, lurpeko biltegiratzea eta erregai sintetikoak.

Elektrolisiari buruzko aretoan, BASQUENERY Clusterrek moderatuta, 29 parte-hartzaile bildu ziren. Bertan, HIDRURA, IRAUNKOR eta H2SIN proiektuak ezagutzera eman eta honako gai hauek jorratu zituzten: elektrolisi desakoplatua, itsas-urarena, eta pirolisia; PEM eta AEM teknologia alkalinoetako osagaien degradazioa; eta metal noble eta kritikorik gabeko AEM elektrolizagailuen modelo berriak. Gainera, solasaldia antolatu zen hizlarien artean mintz bidezko elektrolisi-teknologien bideragarritasunaz eta horien iraunkortasunak dakartzan erronken inguruan.

Lurpeko biltegiratzeari buruzko aretoa FI Groupek moderatu zuen eta 16 parte-hartzaile erakarri zituen guztira. H2SALT eta Hydra proiektuen ordezkariek honako gai huei buruko analisiak eta emaitzak aurkeztu zituzten: diseinuaren parametro orokorrak, egitura geologikoa, injekzio eta erauzketa sistemak eta lur gaineko biltegiratzea eta hoztea bezalako sistema osagarriak; eta hidrogenoaren lurpeko biltegiratzea bizkortzeko diagnostiko-tresnak eta arrisku-protokoloak.

Erregai sintetikoei buruzko aretoa H2CATek moderatu zuen eta 34 pertsona bertaratu ziren guztira. SINTETIK, CIUDENOL eta FUELPHORIA proiektuen ordezkariek erreaktore aurreratuen inguruko gaiak jorratu zituzten jatorri berriztagarriko syngasa, metanoa eta metanola sortzeko, amoniakoaren bihurketa egiteko, CO2tik abiatuta eta adsortzio selektiboaren bidezko erreakzio-prozesu hobetuen bitartez (SERP) metanola sintetizatzeko eta bioerregai aurreratuak eta RFNBO modu jasangarrian ekoizteko.

Areto guztietan, ezagutza partekatu eta bi eskualdeen arteko lankidetza-aukerak esploratzeko guneak egon ziren.

Iturria: BASQUENERGY Cluster

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut