Tekniker
Berriak

Tekniker, siderurgia sektorea hidrogenoaren laguntzaz deskarbonizatzea xede duen Europako MODHEATECH proiektuko partaide

Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea, Europako MODHEATECH proiektuan parte hartzen ari da, siderurgia sektorea deskarbonizatzen lagunduko duen alternatiba teknologiko bat ikertzeko asmoz. Ekimenak beren-beregi erreparatu dio altzairutegietako labeak berotzeko prozesuari, gas naturalaren erabilerak dakarren ingurumen-inpaktu handiagatik.

Proiektuaren esparruan, Teknikerrek altzairua ekoizteko prozesuetan hidrogeno-errekuntzako eta indukzio bidezko berokuntzako teknologiak sartzearen inpaktua eta bideragarritasuna aztertuko ditu Sidenorren frogagailu birtual batean. Azterketa hori ikuspegi integral baten bidez egingo da, honako hauek barnean hartuta: bizi-zikloaren analisia (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa) soluzio optimoak hautatzeko; mantentze-lanen estrategia prediktibo eta proaktibo bat definitzea; osagai kritikoen analisia eta saiakuntza bizkortuak muturreko baldintzetan egitea, hidrogenoa instalazioko materialekin bateragarria dela bermatzeko.

Ekimenak honako hau lortzea espero du: CO2 emisioak %20 murriztea, azken produktuaren kalitatean eraginik izan gabe produktibitatea handitzea, sistema %50ean autoproduzitutako energia berdez elikatzea eta sektorearen deskarbonizazioa bizkortuko duen ibilbide-orria definitzea. Gainera, garatutako teknologiek hondakinen murrizketari ere helduko diote, produktuen kalitatea hobetuz, eta Europar Batasuneko (EB) herrialdeen erregai fosilekiko independentzia erraztuko dute.

Iturria: Tekniker

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut