innobasque
Berriak

Tecnaliak, UPV/EHUk eta BC3k bat egin dute Euskadin plangintza energetikoko laborategia sortzeko

Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Basque Center for Climate Change (BC3) zentroak Euskadiko plangintza energetikorako laborategi aitzindaria inauguratu dute. Haren helburua izango da balio kate osorako trantsizio energetikoko estrategiak erraztuko dituzten metodologia eta tresnak garatzea eta Euskadin deskarbonizazioko erronkak bultzatzea. Aurkezpena Bizkaia Aretoan egingo da ekainaren 2tik 4ra bitarte Bilbon egingo den Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen (AEEE) XX. Kongresuaren baitan.

Laborategiaren izena Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) da eta TECNALIAren, UPV/EHUren eta BC3ren arteko akordioari esker sortu da plangintza energetikoaren arloan ikerketa aplikatuko nazioarteko erreferentziazko taldea sortzeko eta esperientziak eta ezagutzak partekatzeko.

Plangintza energetikoa deitzen zaio etorkizuneko behar energetikoak eta horiei eman beharreko arreta egokia ziurtatzeko bideratu beharreko jarduerak aurrez ikusteari. Hala ere, energiaren arloak berezitasunak ditu, jarduera horri eusten dioten azpiegituren egokitasunak baldintzatzen baitu zerbitzu energetikoak ematea. Horregatik, errealitate aldakorren aurrean, aurreikuspenen etengabeko bilakaera egitea eta errealitate horri aurrea hartzea ezinbestekoak dira administrazioei, enpresei eta gizarteari erabakiak hartzen lagunduko dieten energia plangintzako tresnak garatzeko.

Energia-plangintzan erreferentziazko ikerketa-talde bihurtzea da zuzendaritza zientifikoa Tecnaliaren esku duen laborategi honen helburua. Bere egitekoa da dauden gaitasunak modu eraginkorrean gehitu eta bultzatzea, Energia Plangintzarekin lotutako gai espezifiko batzuetan ikerketa bateratua bultzatzeko. Ildo horretan, JRL e-PLANak etorkizuneko profesionalak, ikertzaileak eta ekintzaileak prestatzen lagunduko du, gai horretan espezializatutako talentua sortzea eta erakartzea sustatuz.

Egun, ekimenak 18 ikertzaile ditu dagoeneko, eta 2027rako 38 profesionalez osatutako taldea izatea aurreikusi da. Ekimenak planteatu duen beste erronketako bat prestakuntzarena da, izan ere, urte bererako lankidetzan prestatutako 30 ikasle izatea aurreikusi du. Ildo horretan, 15 doktorego-tesi eta 74 argitalpen bateratu inguru lortzea espero da.

Iturria: Innobasque

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut