
Tecnaliak elektrolizagailu aitzindari bat garatu du hidrogenoa ekoizteko teknologiak probatzeko
Tecnaliak hidrogenoa ekoizteko hainbat teknologia probatzeko gai den elektrolizagailu berritzaile bat garatu du. Banku esperimental bat da, enpresek elektrolizagailu baten osagaiak probatu ahal izan ditzaten, batez ere haren nukleo edo stackekoak. 50 kW inguruko potentzian jarduten du, eta hidrogenoa ekoizteko 1 kg/h-ko gaitasuna du, gutxi gorabehera. Abian jartzearekin batera, zentro teknologikoak probak eta demoak egiten hasi da Espainiako eta nazioarteko enpresekin.
Elektrolizagailua Tecnaliak iaz Donostiako instalazioetan abian jarritako laborategi batean dago; bertan, hidrogenoa sortzeko, biltegiratzeko, garraiatzeko, banatzeko, erabiltzeko eta segurtasunerako teknologiak garatzen dituzte. Gaur egun, 50 proiektu baino gehiago egiten ari dira laborategian hidrogenoaren teknologiak ikertzeko eta baliozkotzeko, bai eta haiek eskalatu eta industrializazioa bizkortzeko ere.
Hidrogeno berdea garatzeko gai diren lau teknologietatik, entsegu-bankua probak bi teknologia desberdinekin egiteko gai da: alkalinoa eta AEM. Oso-osorik Tecnaliak diseinatu duen prototipo honek elektrolizagailuaren stacka probatu ahal izango du, eta, aldi berean, plantaren osagaien balantzea egingo du, hainbat lan-baldintzatan. Gainera, prozesuaren funtsezko parametroak monitorizatzeko tresna aurreratuak ere baditu.
Azken bost urteetan bakarrik, Tecnaliak hidrogenoarekin loturiko 8 proiektutan baino gehiagotan parte hartu du, hainbat arlotan: sorkuntza, banaketa, garraioa, biltegiratzea, erabilerak eta segurtasuna. Gaur egun, elektrolizagailuen prototipoak diseinatu, garatu eta martxan jartzen ditu enpresentzat, eta hidrogenoarekin lotutako proiektuetan espezializatutako 70 ikertzaile baino gehiago ditu.
Iturria: Tecnalia