
Solvayk eta Enagasek bat egin dute Espainian hidrogeno-biltegiratze bat garatzeko
Solvayk eta Enagasek Kantabriako Polanco herrian hidrogeno-biltegiratze bat garatzeko akordioa sinatu dute. Proiektua Solvayk gatz-barrunbeen garapenean duen esperientziatik abiatuko da –sodio karbonatoaren ekoizpen-eragiketetarako sortuak, jatorriz–, hidrogeno-biltegiratze bihurtzeko Enagasen koordinaziopean, eta honek energia-garraioan eta hidrogeno-azpiegituretan duen esperientzia gehituko du, gaitasun hau Espainiako energia-sisteman integratzeko.
Ekimen honek Espainiaren posizionamendua indartuko du, hidrogeno berriztagarria ekoitzi eta esportatzen duen herrialde bihur dadin. Lurpeko barrunbeak hidrogeno berdea biltegiratzeko soluzio seguru, malgu eta eskalagarria dira, eta horrek sistemaren egonkortasuna bermatzen eta elektrizitate berriztagarriaren aldizkakotasuna arintzen lagunduko du.
Arturo Gonzalo Enagaseko Kontseilari Ordezkariaren esanetan, “akordio hau giltzarrizko mugarria da Espainiako hidrogenoaren enbor-sarearen garapenerako”, eta gaineratu duenez, “energia-azpiegituretan dugun esperientzia Solvayren industria-gaitasunekin uztartuta, oinarriak finkatzen ari gara hidrogeno-sare sendo eta malgua lortzeko, Estatuko zein Europako deskarbonizazio-helburuak betez eta lehiakortasuna bultzatuz”.
Bestalde, Enagás, NaTran eta Teréga garraio-sistemen operadoreek Akziodunen Akordio baten sinaketa iragarri dute BarMar Interes Komuneko Proiektua (PCI) garatzeaz arduratuko den baterako sozietatea sortzeko. BarMar Bartzelona eta Marseilla lotuko dituen itsaspeko hidroduktua da, erabat funtsezkoa H2med proiektuaren barruan, Portugalgo Celorico da Beira eta Zamora lotuko dituen CelZa proiektuarekin batera.