H2SITEk Siemensen lankidetzaz garatutako kontrol-gela berria inauguratu du
H2SITE industrian duen presentzia handitzen ari da Europako hainbat herrialdetara hedatutako proiektuen bitartez. Mintzezko erreaktore eta bereizgailuen errendimendua eta etengabeko optimizazioa bermatzearren, H2SITEk datuak biltzeko kontrol-gela berria abiarazi du, Siemensen lankidetzaz eraikitakoa.
Kontrol-gela integratuta dago jadanik, eta startupak egungo zein etorkizuneko proiektuetan aurrera egin ahala garatuz joango da, hainbat merkatu-segmentu estaliz, H2SITEk mintzetan oinarrituta garatu duen teknologiaren moldaerraztasunaren seinale. Amoniakoaren (NH₃) krakeoaren arloan, EIC, APOL eta KATA bezalako proiektuak tresna hau integratzen ari dira hidrogeno-ekoizpenaren eraginkortasuna eta sistemaren denbora errealeko fidagarritasuna monitorizatzeko. Hondakinak hidrogeno bihurtzeko segmentuaren barruan, HYIELD proiektua kontrol-gela aplikatzen ari da prozesuaren parametroak optimizatu eta funtzionamendu egonkorra bermatzeko, hondakin-fluxuak hidrogeno garbi bihurtzen diren bitartean. Hidrogenoa berreskuratzeko aplikazioetan, AREARA, HERMES eta CleanToPureH2 barne, plataformak errendimendua etengabe gainbegiratzeko, mantentze-lan prediktiboak egiteko eta datuak zehatz-mehatz aztertzeko aukera ematen du, berreskuratze-tasarik altuenak eta eragiketa arloko segurtasun-estandarrik onenak bermatuz.
Kontrol-gelak Siemens WinCC Unified Collaboration and Datahub softwarearen beta bertsioa du oinarri. WinCC Unified plataforma malgu eta eskalagarria da, eta datuen bistaratzea, kontrola eta kudeaketa bateratzen ditu TIA Portal delakoaren barruan. Plataforma honetatik, H2SITEko taldeek modu erraz eta seguruan ikus ditzakete mundu osoko proiektuei dagozkien funtsezko adierazleak: funtzionamendu-orduak, KPI operatiboak, hidrogenoaren ekoizpena, energia-kontsumoa, amoniakoaren erabilera edota hidrogenoaren tenperaturari, presioari eta purutasunari buruzko grafikoak, zuzen-zuzenean. Datuen bistaratzeak denbora errealeko informazio zehatzean oinarritutako erabaki-hartze arina babesten du. Gainera, kontrol-gela prozesuen analisia, datuen bilketa eta biltegiratzea eta eragiketaren optimizazioa hobetzeko diseinatuta dago, panel adimendunen bitartez.
Iturria: FCW