H2SITE_AmmoniatoH2Reactor_Membranes
Berriak

H2SITEk eta SNAMek lankidetzan dihardute hidrogenoa eta gas naturala bereizteko proiektu batean

H2SITEk iragarri duenez, lankidetzan dihardu SNAMekin (Europako energia-azpiegituren operadore nagusietako bat), hidrogeno eta gas naturalaren nahasketak bereiztea ardatz duen proiektu berritzaile bat garatzeko, Italiako Energia, Sare eta Ingurumen Agintaritza Erregulatzaileak (ARERA) sustatua.

Ekimen horren barruan, H2SITEk % 2tik % 10era bitarteko kontzentrazioetatik hidrogenoa ateratzeko gai den Pd aleazioa duen mintz-bereizgailu bat diseinatu du. Eraiki ondoren, unitate hau bere motako instalaziorik handiena izango da, eta hidrogenoa kontzentrazio txikietan bereizteko gaitasuna izango du, berreskuratze-tasa handiak lortuz.

Pd aleazioa duen mintz-bereizgailuak purutasun handiko hidrogeno-fluxua berreskuratzeko aukera ematen du, erregai-piletan, gas-motorretan zein tenperatura altuko labeetan zuzenean erabiltzeko, besteak beste. Aldi berean, hidrogenoaren edukia minimizatzen du soberako gas naturalean, konposizioan behar ez diren alterazioak saihestuz. Honek garrantzi berezia du hidrogeno-kontzentrazio handiak onartzen ez dituzten industria-kontsumitzaileen kasuan, eta gas-sareari buruzko tokiko erregulazioak betetzen direla bermatuko du. H2SITEren mintzek 50 baretik gorako presioetan funtzionatuko dute, eta proba-puntu hau garrantzitsua da hidrogenoa eskala handian biltegiratzeko aplikazioetarako, gatz-barrunbeak eta agortutako biltegisk kasu.

Proiektu berri honek H2SITEk azpiegiturako eragile nagusiekin abian duen lankidetza estrategikoa indartuko du, transmisio-sistemen operadoreak (TSO), banaketa-sistemen operadoreak (DSO) eta hidrogenoa bereizteko interesa duten beste alde batzuk barne. Gainera, ARERAren babesari esker, startupak Italiako merkatuan duen presentzia komertziala sendotu du, lankidetzak sustatuz eta herrialde horretako trantsizio energetikorako teknologia berritzaileen erabilera bultzatuz.

Ekimen hau garrantzizko urratsa da energiaren sektorea deskarbonizatzeko bidean, hidrogenoa egungo azpiegituran integratzea xede duen heinean, gasbideak kasu, gatz-barrunbeak bezalako azpiegitura berrien sarrera errazteaz gain. Bereizketa-soluzio aurreratuen bidez, H2SITE eta SNAM hidrogenoa giltzarrizko baliabide bihurtzen ari dira energiaren etorkizun jasangarria bermatzeko.

Iturria: Business Wire

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut