H2MED
Berriak

H2med proiektuak 35 M€ baino gehiago lortu ditu Europako CEF funtsetatik

Europako Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Agentzia Exekutiboak (CINEA) 35.558.850 euro eman ditu, Europa Konektatzeko Mekanismoaren (CEF) 2024ko deialdira aurkeztutako H2med proiektuaren azterlanak finantzatzeko. Azterlanak finantzatzeko proposamena hautatu ondoren, CINEAk Dirulaguntza Hitzarmena prestatzeko eskatu die H2med-en sustatzaileei. Pauso hau, H2med CelZa eta H2med BarMar proiektuak 2024an Europako Interes Komuneko Proiektuen (PCI) zerrendan sartu ondoren, garrantzizko beste aurrerapen bat da proiektuaren administrazio zein finantza arloetako izapideak osatzeko. H2med-eko bazkideek CINEArekin batera lan egingo dute CEFeko funtsen emakidaren hurrengo mugarriak garatzeko.

Dirulaguntzaren 28.336.978 eurori esker, H2med BarMar proiektuaren partzuergoak ingeniaritza-azterketen zati bat finantzatu ahal izango du, itsasoa eta ingurumena arakatzeko lanak barne. H2Med CelZa proiektuari dagokionez, dirulaguntzaren 7.221.872 euro erabiliko dira gasbidearen eta konpresio-estazioaren oinarrizko zein xehetasunezko ingeniaritza-faseak gauzatzeko. Bi proiektuen ingurumen-ebaluazioaren eta baimenak lortzearen faseekin lotutako lanek ere funts hauen laguntza jasoko dute. Ingeniaritza-azterlanen emaitzak eskuratu ondoren, H2med-en sustatzaileek beste proposamen bat aurkeztuko dute CEFen deialdian, inbertsioari buruzko azken erabakia hartzeko.

CEF funtsak esleitu izanak argi utzi du proiektua zein aurreratuta dagoen ikuspegi teknikotik eta nolako garrantzia izango duen korridore honek hidrogenoaren Europako etorkizuneko ekonomian, 2030eko hamarkadaren hasierarako balio-kate osoa sortzen lagunduz. Horrez gain, H2med proiektua garrantzizko pizgarri ekonomikoa izango da inplikatutako herrialdeetan, hauen deskarbonizazio-ibilbideak bizkortuz.

Ikuspegi komertzialetik, emaitzek proiektua une onean dagoela frogatu dute. Urtarrilaren hasieran loteslea ez den Call for Interest (CFI) delakoa itxi ondoren, H2med-eko taldea web-mintegia antolatzen ari da otsailaren 10erako, 10:00etan hasita (CET), deialdi honetan planteatutako kopuruak eta ondorioak merkatuaren aurrean aurkezteko. Laster emango ditugu horri buruzko xehetasunak. Informazio gehiago eta izena emateko, bisitatu esteka hau.

Iturriak: Enagás, Europako Batzordea

 

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut