
H2med-ek intereseko deialdiaren emaitzak partekatu eta hurrengo urratsak iragarri ditu
Joan den azaroan, H2med-en bost sustatzaileek, Enagás barne, Intereseko Deialdia (CFI) egin zuten, Portugal, Espainia, Frantzia eta Alemania lotuko dituen hidrogeno-korridoreko eskualde guztien beharrak identifikatzeko asmoz. Horrekin batera, deialdiak azpiegituraren etorkizuneko erabiltzaileen beharrak ebaluatu nahi izan ditu hidrogenoaren balio-kate osoan. CFI honek azpiegituraren diseinua optimizatzen eta zehaztapen operatiboak ezartzen lagunduko du.
Deialdiari 500 proiektu baino gehiago aitortuta dauzkaten 170 enpresa inguruk erantzun diote, H2med korridore osoko balio-katea estaliz, ekoizpenetik kontsumoraino. Honek agi utzi du interes handia dagoela azpiegituraren inguruan eta H2med-en eginkizuna berretsi du Europako deskarbonizazio eta berrindustrializaziorako helburuak lortzeko.
Iberiar Penintsulak hidrogenoa esportatzeko potentzial handia du 2030erako (0,4 milioi tona urtean Portugalek eta 1,22 milioi tona urtean Espainiak), eta 2032an BarMarren gaitasun osoa lortuko du. Deialdiaren emaitzen arabera, 2035ean 4,6 milioi tonako guztizko ekoizpena lortuko da Espainian, eta 2,6 milioi tonako ekoizpena etxeko kontsumorako. Era berean, agerian geratu da Afrika Iparraldeko herrialdeek 2040tik aurrera hidrogeno-ekoizpena Europara garraiatzeko duten interesa.
Frantzian, emaitzek bolumen nabarmenak eta kontsumitu eta ekoizteko joera handia islatu dituzte. Kalkuluen arabera, kontsumoa ia 0,9 milioi tonakoa izan liteke 2050ean, batez ere industria kimikoak eta mugikortasunaren sektorerako erregai sintetikoen (e-fuel) ekoizpenak bultzatuta. Bestalde, H2med-en Alemaniako mendebalderako kontsumo-proiektuek korridore honen gaitasunaren erdia estaliko dute 2035ean. Korridoreak nabarmen lagunduko du eskari hori betetzen, izan ere, Alemaniako Ekonomia eta Klimaren Babeserako Ministerio Federalaren arabera, urteko 17 eta 21 milioi tona bitartekoa izan daiteke 2040an.
H2Med proiektuaren hurrengo urratsen artean, H2Med aliantzaren hedapena aipa daiteke, baita proiektu berrien erregistroa, merkatuko bilakaeraren sustapena eta etorkizuneko aliantzetarako merkataritza-harremanen bultzada erraztuko dituen partekatze-plataforma baten garapena eta dinamizazioa ere. Era berean, herrialde parte-hartzaileen artean erregulazio-kronogramak lerrokatzeko lan egingo da, arriskuak murriztu eta industria arloko konpromisoak errazteko.
Iturria: H2med