
Enagasek IDOM eta Tecnicas Reunidas aukeratu ditu Estatuko hidrogenoaren etorkizuneko enbor-sarea diseinatzeko
Enagasek IDOM, Heymo (Técnicas Reunidasen filiala), Boslan eta Ayesa enpresei enkargatu die Espainiako hidrogenoaren enbor-sarearen garapena abiaraziko duen ingeniaritzaren diseinua. Konpainia horiek arduratuko dira Estatuaren barruko hidrogeno-sarearen lehen ardatzak taxutzeaz, eta proiektuak 2.600 kilometro inguruko duktuak garatzea aurreikusi du, lurpekoak, berriak nahiz birmoldatuak.
Sare berriaren % 80tik gora lehendik dagoen gas-azpiegituraren trazaduratik igaroko da, eta gainerako % 20a hutsetik diseinatu beharko da. Eraikuntzan, lehendik dauden azpiegitura-korridoreak aprobetxatuko dira, espazio naturalei, eremu babestuei, ur-ibilguei, hiriguneei eta biztanle-dentsitate handiko eremuei kalterik ez eragiteko.
Proiektuaren aldez aurreko azterlanen arabera, eraikuntza berriko 110 balbula-posizio beharko dira, eta 20-30 km-ra kokatuko dira duktuaren trazaduraren lerro berean. Urruneko eragite eta kontrol sistemak izango dituzte, baita etengabeko monitorizazio-sistemak ere, eragiketa segurua bermatzearren. Aurretiazko azterlan horien arabera, hiru konpresio-estazio behar dira: Coreses (Zamora), Tivissa (Tarragona) eta Villar de Arnedo (Errioxa). Hauen diseinua eta ingeniaritza Tecnicas Reunidas eta Intecsa enpresei esleitu zaizkie. Gainera, hodi eta konpresoreen hornitzaileen aurre-hautaketa egin du, lanak egingo dituen ingeniaritza-talde propioa indartuz.
Urrats horien ondorioz, Enagás, konpainiak berak baieztatu duenez, “aurreikusita zegoen bezala betetzen ari da Espainiako hidrogenoaren enbor-sarearen eta H2med korridorearen garapena”, Klima, Azpiegitura eta Ingurumeneko Europako Agentzia Exekutiboaren (CINEA) Connecting Europe Facility mekanismoari eskatutako Europako funtsen finantzaketa osoa jaso ondoren. Horrek 40,2 milioi euroko injekzioa ekarri du Espainiako sarerako, honexeri lotutako biltegiratze bat barne, eta beste 35,5 milioi H2medek Frantziarekin (Bartzelona Marseilla) eta Portugalekin (Celorico da Beira - Zamora) aurreikusiak dituen konexioetarako.
Enagásek Enbor Sareko lau tarte berri aurkeztu zituen azaroan Europako Interes Komuneko Proiektuen (PCI) bigarren deialdian. Horiek garatzeko, ibilbideak 1.480 kilometro gehiago izatea aurreikusi da, eta horrela, 2030etik aurrera, penintsulako autonomia-erkidego guztiak hidrogeno-sarearekin konektatuta egongo dira.
Iturria: La Vanguardia