
Cidetec SWEETHY proiektuan parte hartzen ari da itsasoko uretik abiatuta hidrogeno garbia ekoizteko
CIDETEC Surface Engineering SWEETHY europar proiektuan parte hartzen ari da, itsas-uretatik zuzenean hidrogenoa ekoizteko gai izango den elektrolisi-pila berritzailea garatzeko asmoz. Proiektuak ur zikina prozesatzeko erronkari heltzen dio, AEM (truke anionikoko mintza) teknologia aprobetxatuz eta gatz-baldintza oso korrosiboak jasateko gai diren material iraunkorragoak eta errentagarriagoak garatuz.
SWEETHY proiektuak garatutako teknologia 2.000 eragiketa-ordu baino gehiago jasateko gai izatea espero da orduko 20 gramo hidrogenmo ekoitzi ahal izateko, 100 ordutik behin % 1etik beherako degradazio-tasarekin. Gainera, proiektuak agerian utziko du elektrolizagailuaren funtzionamenduak diru-sarrera optimizatuak berma ditzakeela azpiproduktuei eta sareko zerbitzuei dagokienez.
Proiektuaren barruan, CIDETECek, orain arteko esperientzia zabalaz, PGMrik (platinoaren taldeko metalak) gabeko elektrokatalizatzaile berritzaileak garatzen lagunduko du, hidrogenoaren eta oxigenoaren eboluzio-erreakzioetarako. Horiek ezagutzea funtsezkoa izango da mintzeko elektrodoak mihiztatzeko material egokienak hautatzeko eta sistemaren errendimendua baliozkotzeko, banakako gelaxken proben bidez.
Gainera, CIDETECek funtsezko rola beteko du analisi elektrokimikoan, eta korrosioaren aurkako estalduren portaera eta elektrolizagailuaren iraunkortasunean duten eragina ebaluatuko ditu, oso baldintza gazietan. Bere partaidetzak aurrerapen esanguratsuak bultzatuko ditu AEMWE teknologiaren eraginkortasunean eta jasangarritasunean, itsasoko uretatik hidrogenoa ekoizteko soluzio berritzaileen garapena indartuz.
Clean Hydrogen Partnershipek babestu eta RISE Research Institutes of Sweden buru duen asmo handiko lau urteko proiektu honek Suedia, Italia, Espainia, Alemania, Frantzia, Norvegia eta Herbehereetako 9 erakunde biltzen ditu.
Iturria: CIDETEC