
BH2Cren Industria arloko Erabilerako Bertikalaren topaketak agerian utzi du hidrogenoak zementugintza eta siderurgia deskarbonizatzeko duen potentziala
Urriaren 9an, osteguna, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen Industria arloko Erabilerako Bertikalaren VI. Topaketa egin zen EICn (Energy Intelligence Center). SARRALLE eta SENER buru dituen bertikalak honen parte diren 25 erakunderen 42 ordezkari bildu zituen.
Jardunaldiari hasiera emanez, SENEReko Nora Castañedak eta SARRALLEko Itsaso Auzmendik bertikaleko proiektu eta ekimenen egungo egoera aurkeztu zuten, baita azken hilabeteotan hidrogeno berriztagarriaren industriaren inguruan izandako erregulazio arloko alderdirik garrantzitsuenak ere.
Jarraian, K1-METeko Johannes Galbek burdin minerala hidrogenoz zuzenean murriztu eta galdatzeko eta honela metal bero ekologikoa lortzeko aukeraren bideragarritasuna frogatzea xede duen Hy4Smelt proiektuaren helburuak eta hurrengo urratsak azaldu zituen. Austrian kokatutako HYFOR eskala industrialeko demostradorea 2027an jardunean hastea espero da, ekimen honen barruan garatutako ekipoen errendimendua aztertzeko. SENEReko Jesus Mari Ubillosek eta Carlota Pueyok zementu-industriaren deskarbonizaziorako ibilbide-orriaz hitz egin zuten. Estrategia honek Clinkerra lortzeko prozesuan isurpenak murriztea du ardatz, hidrogenoa erregaitzat edo e-fuelak ekoizteko lehengaitzat erabiliz.
Kafe-atsedenaldiaren ondoren, Itsaso Auzmendik SERRALLE buru duten H-ACERO I proiektuaren emaitzak eta H-ACERO II proiektuaren helburuak izan zituen hizpide, altzairugintza deskarbonizatzea helburu. Partzuergoak hidrogenoaren erabilerako saiakuntzak egingo ditu arku elektrikoko labeetan, koilara eta erretiluetako aurreberotze-labeetan, birberotze-labeetan eta oxiebaketan. Azkenik, SIDENOReko Tamara Rodriguezek SIDENORen deskarbonizazio-helburuak argitu eta Europako IS2H4C proiektuan duen parte-hartzea azaldu zuen, izan ere, horren barruan, saiakuntza esperimentalak egin dituzte koilarak berotzeko oxierrekuntza-prozesuetan, eta gas naturalaren ordez hidrogenoa erabiltzearen bideragarritasuna frogatu ahal izatea espero dute.