Parke
Berriak

BH2C, Merkataritza Ganberek eskualde atlantikoetako Hidrogeno Haranekin antolatutako topaketan

Otsailaren 12an, Kantauri isurialdeko Hidrogeno Haran eta Klusterren ordezkariekin antolatutako topaketa egin zen Energy Intelligence Centerren (EIC) egoitzan, Abanto Zierbenako Parke Teknologikoan. Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberek antolatutako ekitaldiak helburu bikoitza zuen: alde batetik, arlo horretan dagoeneko garatzen ari diren ekimenak ezagutzea, eta, bestetik, energia-bektore honek lurralde osorako dakartzan aukerak gauzatzen laguntzeko Merkataritza Ganberek bete dezaketen eginkizuna aztertzea.

Topaketa Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberek egindako ekintzen barruan antolatu da, Portugal, Espainia eta Frantziako eskualde atlantikoetako 21 Merkataritza Ganbera partaide dituen hausnarketa eta lankidetzarako foroari atxikita, betiere indarrak batzeko xedez, Arku Atlantikoan energia berriztagarriak eta hidrogenoa garatu eta lurraldea lehiakorragoa eta jasangarriagoa izan dadin. Ildo horretan, Ganberek Hidrogenoaren Mapa eta Korridoreari Laguntzeko Lantaldea eratu dute, arlo honek eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen izenean, ekitaldian izan da José Ignacio Zudaire, Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea, Araba, Aviles, Burgos, Kantabria, Gijon, Gipuzkoa, Nafarroa, Torrelavega, Oviedo eta Vigoko ganberen ordezkariekin batera. Kantauri isurialdeko hidrogeno-haran edo klusterren izenean, topaketan egon dira ordezkatuta Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C), Hidrogenoaren Galiziako Elkartea (AGH2), Asturiasen H2 berriztagarriaren bidezko Berraktibazio, Lehiakortasun eta Deskarbonizazioa (ReCoDe H2), Kantabriako Hidrogenoaren Plataforma (PH2C) eta Hidrogenoaren Gaztela eta Leongo Elkartea (H2CYL).

Jardunaldian izan dira, halaber, Enagas, Redeia eta Bilboko Portu Agintaritza, hidrogenoa banatzeko beharrezko azpiegiturak diren aldetik, baita Petronor ere, deskarbonizazioan aurrera egiteko funtsezko energia-bektore honen industria-kontsumitzaile potentziala. Jose Ignacio Zudaire BH2Cko presidentearekin batera, ekitaldian izan dira Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, Cristina Mugica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Kanpo Sustapeneko zuzendari nagusia, Mikel Amundarain EEEko zuzendari nagusia eta Kantabriako Unibertsitatearen, Kantabriako Gobernuaren, Nafarroako Gobernuaren eta Burgosko Unibertsitatearen ordezkariak, hidrogenoaren garapenean interesatuta dauden enpresen ordezkariekin batera.

Asteroko buletina zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, bete hurrengo harpidetza formularioa.

Pribatutasun politika irakurri eta onartzen dut