BH2Cren Industria arloko Erabilerako Bertikalak ibilbide-orrian aurrera egin du ELGA eta Texasko nazioarteko ordezkariekin batera
Azaroaren 4an, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen (BH2C) Industria arloko Erabilerako Bertikalak, SARRALLE eta SENER buru, zortzigarren topaketa egin zuen Bilbao Exhibition Centren (BEC), DS Industry azokaren barruan.
Saioak BH2Cri atxikitako enpresak eta erakundeak bildu zituen, baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) zein Estatu Batuetako Gulf Energy Catalyst delakoaren ordezkariak buru zituen nazioarteko ordezkaritza ere, hidrogenoaren euskal ekosistemak nazioartean duen posizionamendua sendotuz eta industria-trantsizioaren nahiz deskarbonizazioaren arloko esperientzien trukea sustatuz.
Programan, ELGAko Varinia Michalunek ‘Regional Development Policy for Industrial Transition: A Transatlantic Perspective’ proiektuari buruzko aurkezpena egin zuen. Era berean, Gulf Energy Catalyst-en izenean, Brett Pearlman eta Hack Heyward Texasko energia-sektoreaz duten ikuspegia partekatu eta hidrogeno berdeak industrian dituen aukerez eta aplikazioez mintzatu ziren.
Saioan, halaber, bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten hidrogenoaren euskal ekosistemako giltzarrizko proiektuen egungo egoera: Bay of Biscay Hydrogenek bultzatutako 100 MWeko elektrolizagailua, Arturo Fernándezek aurkeztuta, eta Hard-to-Zero ekimenean egindako aurrerapenak, EIC Fundazioko Txetxu Arzuagaren eskutik. Gainera, Bertikaleko enpresa liderrek esperientziak eta ikuspegiak partekatu zituzten, industriak hidrogenoan oinarritutako ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioan dituen erronka eta aukerei buruz; Nora Castañeda, Senerren izenean, eta Leire Azpiazu, Sarralleren partez.
Topaketaren amaieran, bertaratutakoen arteko solasaldi irekia eta networking-saioa antolatu ziren, ezagueren trukea, sinergien identifikazioa eta Hidrogenoaren Euskal Korridorea osatzen duten eragileen arteko harremanak sendotzeko.
Topaketan erabilitako aurkezpen guztiak elkartekideen webguneko atalean daude eskuragarri.