BH2Cren T&D eta Biltegiratzeko Bertikalaren VII. Topaketak Europako lankidetzaren garrantzia nabarmendu du hidrogenoaren arloko proiektuetarako
Martxoaren 17an, asteartea, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen T&D eta Biltegiratzeko Bertikalaren VII. Topaketa egin zen EICn (Energy Intelligence Center). NORTEGAS buru duen bertikalak honen partaide diren 24 erakunderen 32 ordezkari bildu zituen.
Jardunaldiari hasiera emanez, NORTEGASeko Izaskun Gorostiagak bertikaleko proiektu eta ekimenen egungo egoera aurkeztu zuen, baita azken hilabeteotan hidrogenoaren garraio eta banaketaren inguruan izandako erregulazio arloko alderdirik garrantzitsuenak ere. Jarraian, NEW ENERGY COALLITIONeko Tatiana Blockek Herbehereetako Heavenn hidrogeno haranaren garapena aurkeztu zuen. Ekimen honek ekoizpenari, garraioari, biltegiratzeari eta amaierako erabilerari dagozkien hainbat proiektu bilduko ditu eskala handiko hidrogeno-ekosistema batean.
Kafe-atsedenaldiaren ondoren, H2SITEko Guillermo Garcia-Miguelek startup hau SNAMekin batera Italiako gas naturalaren sisteman hidrogenoa kontzentrazio baxuetan bereizteko garatzen ari den proiektua aurkeztu zuen. Ekimen honen barruan, H2SITEk Pd aleaziozko mintz-bereizgailu bat diseinatu du, % 2 eta 10 bitarteko blending-kontzentrazioetatik purutasun handiko hidrogenoa atera ahal izateko. Azkenik, TECNALIAko Nicolas Larrosak hidrogenoaren eta material metalikoen arteko interakzioak eragindako fragilizazio fenomenoa azaldu zuen. Nicolasen esanetan, garrantzitsua da fragilizazioa aztertzen jarraitzea, baita haustura-mota hau errazten duten faktoreak eta kontuan hartu beharreko segurtasun-neurriak ere.